Barnetegi hiltzaileak
BAI HORIXE ·
Herri indigenen kontrato sarraskiei zibilizazioa esan izan dieguGutako bakoitzari irudi bat eskaintzen dio burmuinak herrialde baten izena entzun edo irakurtzerakoan. Batzuetan irudi horrek norberaren esperientzia du oinarri, baina gehienetan zeharkakoa da, hedabideek edo libururen batek txertatua. Beraz, gutako bakoitzak irudi bat lotzen du herrialde horrekin, nork berea.
Desberdintasun horren gainetik, irudi orokorrak ere gertatzen dira, zenbat eta ezezagunago, orduan eta zabalduago. Adibidez, entzun edo irakurtzen dugu Afganistan eta burka datorkigu gogora, Etiopia eta gosez hiltzeko zorian dauden haurrak. Estatu Batuek, berriz, irudi aberatsagoa dute, anitzagoa, han izan ez denarentzat ere guztiz ezaguna zaiolako paisaia eta bertako jendea.
Entzuten dugu Kanada eta sekula lurralde hori zapaldu ez badugu ere, mendi elurtuak datozkigu gogora, herri zibilizatu bat, zibilizazioaren gailurrean dagoen erresuma. Batzuek Quebec ere gogoratuko dute autodeterminazioarekin lotuta. Gutxik gogoratuko ditu, ordea, europarrak bertara joan aurretik han bizi zirenak. Quebecek izan dezake ala ez Kanadarengandik banantzeko eskubidea, baina auzi horretan ez dira sekula bertako indigenak aipatzen.
Ezagutzen ditugu Estatu Batuetako indioak, gehienbat zinemari esker. Kanadakoak, berriz, ez. Baina egon bazeuden, egon badaude, baztertuak, baina badaude. Egunotan aurkitu dituzte beste ehunka haur indigena multzoan hilobiratuak, zehazki 751. Maiatzean beste 215 aurkitu zituzten.
Horrela jakin ahal izan dugu joan den mendearen bukaera arte, haur indigenak barnetegi erraldoietan sartzen zituztela, nahitaez, helburu jakin batekin: haur indigenak bertako kultura europarra beregana zezaten, beraien jatorria, hizkuntza eta kultura osoa bazter zezaten. Mende luzean 150.000 haur pasa omen ziren sarritan kristau elizek kudeatzen zituzten kontzentrazio esparru horietatik. 751 gorpu horiek eliza katolikoak kudeatutako barnetegi batekoak dira. Hor aurkitu dituzte azken gorpuak, barnetegi horietan normalak ziren gehiegikerien ondorio.
Kanadako lehen ministro den Justin Trudeauk lotsa eta mina aipatu ditu, barkazioa eskatu du. Bertako herri indigenak ordezkatzen dituztenek esan dute oraindik hasi besterik ez dela egin barnetegi horietan gertatu zenaren aurkikuntza.
Ez da era horretako zerbait entzuten dugun lehen aldia. Antzeko jarduerak ezagutu genituen Australian eta beste hamaika mundu bazterretan. Eta horri guztiari zibilizazioa esan izan diogu.