Heziketa eta hezkuntza
Gurasoek gero eta pisu handiagoa jartzen dute irakasleengan
Edonork onartuko dizu, guraso izan ala ez, zaila dela haur baten heziketa, batez ere heziketari buruzko idatzi gabeko legeak anitzagoak diren honetan. Ez ditut nik gure gurasoak, XX mendearen zatirik handienean, heziketaren inguruan zer egin erabakitzeko eztabaidan. Ez, orduan arauak argiagoak ziren eta eztabaida horiek, izatekotan, oso guraso gutxien artean gertatuko ziren.
Aukera gehiago ditugu orain, irizpide desberdin gehiago eta horrek aberastu egiten du lana, baina era berean zailago bihurtzen du. Eta horrekin batera, guraso izan aurretik haurrekin harreman gutxiago dute guraso bilakatzen diren pertsona gehienek, eskarmentu gutxiago. Hainbatentzat jaio berri den semea edo alaba besotan hartzen duten lehen haurra delako.
Antzeko zerbait gertatzen zaio irakaskuntza sistemari, aukerak zabaltzearen eraginez erabakiak gero eta zailagoak direla. Ez da berdin haur bat elkarlanera bideratzea edo menpeko zintzo izan dadin ahalegintzea, ezta lider izango direnak sortzen saiatzea ere. Ez dituzte hitz horiek erabiliko, baina eskola batzuk lankideak prestatzea dute helburu, beste batzuek liderrak sortu nahi dituzte, datozen urtetan gizartearen gidari izango direnak. Horren arabera aukeratzen dute gurasoek eskola hau edo bestea.
Osagai asko ditu heziketaren errezetak eta nork, guraso nahiz irakasle, osagai bat ala bestea lehenesten du. Gainera, gero eta gehiago eskatzen zaio hezkuntza sistemari. Eskolan ikasi behar omen dute haurrek zer jan edo nola jan, zer den legezkoa eta zer ez, nola jokatu trafikoaren aurrean edo nola kudeatu norberaren sentikizunak, are sexualitatea. Ez omen da aski matematikak edo historia ikastea, hezkuntzak heziketa omen dakar atxikita.
Zentzu horretan, gurasoek gero eta pisu handiagoa jartzen dute irakasleengan eta hori irakasle bakoitzari haur gehiago heztea suertatzen zaion bitartean. Nire ustez, irakasleen paperak ez du nahikoa pisu gure gizartean, baina gurasoek gero eta gehiago eskatzen diete.
Panorama horren aurrean, ulergarria da guraso askoren ezinegona, nola jokatu behar duten, ze heziketa garatu behar duten erabakitzeko orduan. Hori bai, gehienetan gutako bakoitzak pentsatzen du gurea dela benetako errezeta, errezetarik hoberena, adibidez, haurraren autonomiari guk baino pisu gehiago ematen diona pasa egiten dela, edo diziplina guk baino gehiago edo gutxiago azpimarratzen duena neurritik kanpo dagoela. Norbera da neurria.