Borrar
Muere a los 96 años el arquitecto Frank Gehry

Giltzak galdu

Kontatu zidan andrea ere gaixorik zuela, etxean, ohean, ezindua

Astelehena, 9 urria 2023, 07:05

Comenta

Ospitaleko atarian nengoen, aulki batean eserita, egunkaria zabalik nire aurrean, zain, udazkeneko eguerdi epel batean, inguruko zaratari jaramonik egin gabe. Halako batean marmar batek atera ninduen burbuila horretatik. Gizon baten ahotsa zen, kraskatua. Bista altxatu eta marmarrean ari zenari begiratu nion. Zaharra zen, ni baino gazteagoa, seguru, baina dudarik gabe, edadeko gizona, orain esaten den moduan.

Aulkira begira zegoen, zehazki aulki azpira eta euskaraz ari zen. Nola letxes (hitz hori erabili zuen) joango naiz etxera, errepikatzen zuen soka etengabean, begiak lurrera bilduak, ikusmenarekin ere konfiantzarik ez duenaren antzera. Zertan ari zen galdetu nion eta esan zidan autoaren giltzak galdu zituela eta aulki horretan eserita egon zela ospitalera sartu aurretik.

Zutitu nintzen, begiratu nuen aulki gainean, azpian, zirrikitu baten bila, astindu nituen inguruko belar guztiak eta ez nuen ezer aurkitu, ezta gizonak ere. Etsita eseri zen eta ni bere ondoan. Nola letxes joango naiz etxera, jarraitu zuen otoitzarekin eta segidan kontatu zidan urruti bizi zela eta andrea ere gaixorik zuela, ohean, ezertarako gauza ez zela eta etxeko giltzak autoaren giltzekin batera zituela. Galdua zirudien, basamortu baten erdian noraezean dagoenaren antzera. Beti harritu nau zeienen aise kontatzen dioten batzuek ezezagun bati gertatzen ari zaiena, lotsa izpirik adierazi gabe.

Galdetu nion ea ondo begiratu zuen galtzetako patriketan edo zamarrarenetan, neroni sarritan egoten bainaiz ataka horretan Erantzun gabe zutitu zen eta miatu zituen patrika guztiak. Berriz eseri zenean esan nion nik, badaezpadan, ospitaleko harreran galdetuko nukeela, nik giltzak aurkitu izan banitu horixe egingo nuela, harrerara eraman.

Harriduraz begiratu ninduen, proposamena zentzugabea balitz bezala, are gehiago, ulertezina. Burumakur ekin zion berriz letaniari. Esan nion, nahi bazuen, neroni joango nintzela harrerara, giltzarik jaso ote zuten galdetzera. Erantzun gabe zutitu eta atzera bidea hartu zuen, oinak arrastaka, bizkarra konkortua. Apenas itzuli nituen begiak eta arreta egunkarira gizona aurrean jarri zitzaidanean, irribarrea aurpegian.

Zutik, eskuinekoan autoaren giltzak zituela. Nire aurrean astindu zituen ezker eskuin eta eskerrak eman gabe abiatu zen aparkalekura. Hori bai, esan zidan jakintsua nintzela, azkarra guztiz eta batzuetan mirariak gertatu gertatzen direla.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Giltzak galdu