Borrar
Bai Horixe

Etorkizunari bisita

Adiskideari begira, nire burua islatzen zuen ispiluaren aurrean nengoen

Lunes, 9 de junio 2025, 07:00

Pauso bat besterik ez omen dago maitasunaren eta gorrotoaren artean. Egunotan ikusi dugu batzuetan gehixeago behar izaten dela, sei egun Trump eta Musken artean. Epe horren buruan hasi dira eraso publikoak, txirtxilatuko zaitut, nik deserriratuko. Eta gu haiei begira, telebista serie bat balitz bezala, indargabe, kalteak azkenean gurera ere helduko direnaren jakitun.

Bi oilar oilategi berean, bat munduko aberatsena eta bestea era berean aberats, baina ez hainbeste. Bi botere mota desberdinen arteko talka. Jokoan kalean gabiltzanok irudika ezin dezakegun dirutza. Gu geure miseriekin, dentistari ordaindu behar dioguna, bizkarrezurra zapaltzen digun hipoteka, nahi genukeen bidea aukeratzen uzten ez digun kalifikazioa, bizitza mingosten digun nagusia.

Hori guztia zebilkidan bueltaka garunean autoaren barruan notiziak entzun ondoren. Helmuga, etxetik kilometro gutxitara, ibilbide arrunta, baina kasu horretan mundu berri batetara eramango ninduena. Boteretsuen arteko liskar guztien azpitik, jakin banekien egun horretan izango zuela hasiera hil arte nirekin egongo zen unibertsoak. Lurralde ezezagun batean sartzen ari nintzen.

Helmuga, ordura arte ezagutzen ez nuen zahar etxe publikoa. Ez zen lehen txanda horrelako egoitza bati bisita egiten niona, bai, ordea, bertako egoiliar bilakatu berri zen adiskideari bisita egiten nion lehen aldia. Adiskidea, aspalditik nire inguruko pertsona eta, ai ene, adinkidea.

Azken puntu honengatik izan ez balitz, bisitak ez luke zuen garrantzia izango. Aparkatu eta eraikinerako sarreratik hurbil gelditu nintzen, aurkituko nuena ikusteko inolako presarik gabe. Handia zen etxea, itxura guztien arabera zeregin publikoa zuen etxe handia. Aurrean, gutxi zaindutako lorategia eta arratsalde hasiera hartan hutsik zeuden aulki batzuk.

Sartu nintzen, azkenean, eman nuen harrera mahaian adiskidearen izena eta langileak esan zidan itxaroteko hantxe bertan zeuden jarlekuetan. Identifikatu ezin nuen usaina nabarmendu nuen, usain berezia, ezezaguna.

Ez nuen ordularia begiratu, baina ez ziren hamar minutu pasako ezkerraldetik nire izena entzun nuenean. Norantz hartara begiratu eta adiskidea ikusi nuen, nigandik hurbil, ibilgailu batera helduta, konkortua baina zutik eta irribarrez.

Zutitu eta harengana nindoala instantean jakin nuen ez nengoela, soilik, adiskideari begira, nire burua islatzen zuen ispiluaren aurrean nengoela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Etorkizunari bisita