Espeziearen suizidioa
Esan zuen euskaldunok ez garela suizidatzen ari den herri bakarra
Joan dira geroztik urte batzuk, baina ez zait bazkalondo hura ahaztu. Adiskide arteko bazkari luze batean, partaidetako batek bota zuen gu, euskal herritarrok, tantaka suizidatzen ari den herria ginela. Suizidatu hitza erabili zuen, esaera dotoreagoak eta ez hain gordinak sarritan erabiltzen bazituen ere. Jaiotze tasen beherakada aipatu zuen ondoren, belaunaldien ordezkapen ezinezkoa.
Begiratu genion elkarri eta bai, bertan geundenok ez genuen belaunaldien ordezkapenak eskatzen duen seme-alaba kopurua betetzen. Atzera begira, egiaztatu genuen guztiok izan genuela gure gurasoek baino haur gutxiago, nabarmen gainera, eta gure seme-alabak areagotu egiten ari zirela joera hori.
Gero, elkarrizketak bazkalondoetan izan ohi duen noraezeko bidea jarraitu zuen, beti ere haria galdu gabe. Gogoratu genituen txikitan ezagutu genituen familia erraldoiak, ez zirela arraroak bostetik gorakoak, ezagutzen genituela seikoak, zazpikoak, are zortzikoak eta egun hiru seme-alaba dituen familia salbuespen dela.
Aipatu genituen kanpotik ekarritako pertsonen eragina euskararen kasuan eta oro har kulturaren esparruan. Gutako batek beste esaldi borobil bat bota arte. Esan zuen ez ginela euskal herritarrok suizidatzen ari ginen herri bakarra, espezie osoa zihoala amildegira, modu temati itsuan gindoazela espeziaren desagerpenarantz.
Esaldiak sortutako isiltasun unea baliatuz gehitu zuen mundua ez zegoela arriskuan, gu geundela arriskuan, munduak hor jarraituko zuela gure espezia desagertu ondoren ere. Hortik jarraitu zuen elkarrizketak handik aurrera. Munduan gero eta biztanle gehiago, gero eta hondamendi handiagoa bizi gaituen lurrerako.
Hor ere begiratu genion elkarri. Guztiok ikusten genuen arriskua, baina hitzetatik ekintzetara igarotzeko orduan korapilatzen zen kontua. Gutako bakoitzak neurritsutzat zuen bere burua, baina hor zeuden gure autoak, gure etxeak, gure bidaiak, gure arropak, gure betaurreko berriak. Eta, horrelakorik aipatu ez bazen ere, seguru kosta egingo zitzaigula hori guztiari uko egitea.
Nahiago suizidatu bizimodua aldatu baino lehen, esan zuen munduaren hondamendia aipatu zuen adiskide berak eta hor bai, hor isilune luzeagoa gertatu zen. Aingeru bat ez, aingeru andana pasa zen mahai gainetik. Soberan bazkaldu genuen, soberan hitz egin eta airean zegoen isiltasuna hautsi zuen gidoi biraketak salbatu gintuen. Politika ekarri zuen mahaira adiskide horrek.