Borrar

Amaren eguna

Bai horixe ·

Mitologia osoa eratu da amatasunaren inguruan, mitologia pisutsua

Astelehena, 3 maiatza 2021, 07:10

Comenta

Urteak egun seinalatuak ditu, arruntak ez direnak, batzuk orokorrak, beste batzuk pertsonalak edo bailara edo lurralde zehatz bati mugatuak. Norberaren urtebetetzea, maitearena, ezkontza eguna ... Eguberriak, noski, herriko edo hiriko festak, aste santua ... Gero, liburuaren eguna, langilearena, euskararena, emakumearena... aitarena eta amarena.

Azken bi hauen artean, seinalatuagoa da amaren eguna aitarena baino. Zergatik? Bada ama izateak pertsona bat guztiz definitzen omen duelako, ama izateak emakume baten bizitza guztiz baldintzatzen duelako eta aitarena ez hainbeste. Emakume bat, ama bada, askorentzat hortik kanpoko jardunak (lanbidea, zaletasunak, militantziak ...) bigarren mailan gelditzen dira eta gizonen kasuan, berriz, ez. Gizon bat agintari izan daiteke, kirolari, abeslari, sukaldari ... eta, gainera, aita. Emakumeon kasuan alderantziz gertatzen da.

Hori da gizarteak esaten diguna, neurgailu horren bidez neurtzen dugu amatasuna, zer den ama izatea, nola izan behar den ama, zer den ama ona izatea. Mitologia osoa eratu da, mendez mende, amatasunaren inguruan, gizarte osoari eragiten dion mitologia pisutsua. Ama ona izan nahi duen emakumeak idatzi gabeko lege ugari bete beharko du edo, gutxienez, lege horiek betetzen dituelako planta egin beharko du. Erakutsi beharko du gainerako guztia ama izateak uzten dizkion zirrikituetan kokatu behar duela, ama ona izateak zerutik hurbil kokatzen duela, lurretik urrun. Aldare batean bizi beharko duela.

Gogoan dut amari egindako kanta ugari, gehienetan semeek idatzitakoak. Bereziki, hotzikarak eragiten dizkidan kantu bat, non semeak esaten dion amari «zu, niretzat, dena zara». Badakit hitz egiteko modu bat dela, seme horrek amari garrantzitsua dela adierazi nahi diola, baina ez dio hori esaten, ez dio esaten, handitu banaiz ere, gizondu banaiz ere, garrantzia duzu niretzat. Ez, esaten dio ama 'guztia' dela beretzat, hortik kanpokoa bigarren mailako kontua dela. Nik behintzat ez nuke hori nahi, ez dut inorentzat 'guztia' izan nahi.

Bitartean, gizartea erabat aldatu da. Gaurko ama gazte gehienek etxetik kanpo ere lan egiten dute, ez dute familia ugaria osatu nahi, gero eta beranduago bilakatzen dira ama eta zeregin horretan aitaren parte hartzea eskatzen dute, baita erakundeena ere. Eta emakume gazte batzuk ez dute ama izan nahi, ezin dute edo, zuzenean, ez dute nahi.

Amatasunaren mitologia, ordea, apenas aldatu den.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Amaren eguna