Adiskide bat batzen
Bai horixe ·
Gaitasuna, gogoa eta denbora behar izaten dira lagunak egitekoEz da erraza une honetan, baina ze onuragarri den egunerokotasunean zuregandik urrun dauden pertsonekin topo egitea, besterik ez bada ere egun batzuetan. Topaketa horrek kolokan jar dezake segurutzat zenuen zerbait, onerako ala txarrerako. Hortik arriskua eta hortik, era berean, zure burua aberastu dezakeen zerbait. Ikuspuntu desberdinak, bizipen desberdinak, pentsakizun desberdinak.
Adin guztietan, baina agian modu nabarmenagoan adinean aurrera egiten duzun neurrian. Horregatik ixten dira askotan pertsona helduak ezagun duten horretan, horregatik esaten da benetako lagunak haur edo gazte garaian egindakoak direla eta hortik aurrera nekez sartuko dela gure bizitzan lagun berririk. Egiatik gutxi du topiko horrek, baina horrek ez dio distira kentzen. Askorentzat, ezagutzen dutenetik kanpokoa dena arriskutsua da
Seguru asko, bizitzan topatzen dugun jende berria gutxitan bilakatuko da luzarorako adiskide, baina halere haize freskoa ekarriko du gurera eta ez dakizu sekula iraupen gutxiko harreman hori luzatuko den ala ez. Gutako edonori gertatu zaio, adibidez, lankide huts zena adiskide bilakatzen zaigula eta harreman horrek lantokiz aldatuta ere jarrai-tzen duela edo bidai batean ezustean topatutako pertsona nahitaezko bilaka-tzen zaigula.
Gaitasuna eta gogoa behar dira lagunak egiteko, lagunekiko harremanari eusteko, txinparta luzapen handiko sua bilakatzeko. Denbora ere behar da eta hori izan ohi da aitzakiarik normalena gure bizitzan pertsona berriak sartzeko orduan, denbora faltarena, batez ere harreman berri horrek bestelako onurak ez dituenean.
Pentsa zitekeen hain teknologizatua dagoen mundu honetan adiskidetasuna bizitza pribatuari dagokiola soilik, nahitasunen esparruari, baina ez da horrela. Oraindik ere adiskidetasuna lagungarri izan daiteke lanpostu bat lortzeko orduan edo negozio bat egiterakoan. Horregatik ordaintzen du hainbat familiak eskola edo unibertsitate pribatuen ordainsari garestia, etorkizunean hor egindako harremanak lagungarri gertatuko direlakoan, ikaskide izandakoa makulu izan daitekeelakoan.
Bi pertsona elkarrekin lotzen dituen adiskidetasunak ez du, inolaz ere, maitasun erromantikoak duen ospea, baina gutako edonoren bizitza pobreagoa li-tzateke adiskiderik gabe, ez ginateke garenak izandako lagunak izan ez bagenitu. Eta baieztapen horrek ez ditu bereizten betiko lagunak eta lagun berriak, ezta etorriko direnak ere.