Prosa eta Poesia lehiaketako lanak jasotzeko epea gaur amaituko da
Herriko 8 eta 18 urte arteko haur eta gazteek parte har dezakete
GOIZARIN
Ostirala, 4 azaroa 2022, 00:09
Gaur, hilak 4, amaituko da Oiartzungo XXXV. Xabier Lete Prosa eta Poesia Lehiaketako lanak aurkezteko epea, eguerdiko 12:00etan. Lehiaketan, 8 eta 18 urte bitarteko oiartzuar guztiek parte har dezakete. Beste herriren batean erroldatua egon arren, Oiartzungo ikastetxeetako ikasleak direnek ere badute euren lanak aurkezteko aukera. Hori bai, argitaratu gabeak eta euskaraz idatziak izan behar dute. Hizkuntz normalizaziorako sailean aurkeztu behar dituzte (Fermiñene etxea, beheko solairua).
Atalak eta sariak
LH3 eta LH4koak izan ezik (prosa atalean soilik lehiatu daitezke), gainontzekoak prosa eta poesia kategorietan parte hartu ahal izango dute. LH eta DBH bigarren mailara arte banatuko diren sariak 50 eta 80 euro arteko bonoak izango dira, liburu eta ikasmaterialetan erabiltzeko. DBH hirugarren mailatik gorakoentzat 100 eta 120 euro arteko sariak egongo dira, eskudirutan. Ohiko moduan, abenduaren 3an izango da sari banaketa, Euskararen Egunean, eguerdiko 12:00etan udaletxeko areto nagusian.