Nesken parte hartzea gorantz doa Eskola Kirolan
Ikasleen erdiak baino gehiagok eskola kirola egiten du (%59,22)
GOIZARIN
OIARTZUN.
Ostirala, 18 azaroa 2022, 00:08
Pasa den asteartean, Oiartzungo Enekoitz Markos kirol saileko zinegotziak Eskola Kirolaren gaineko daturik nabarmenenak aurkeztu zituen, baita Eskola Kiroleko filosofia ere, hau da, kirol aniztasuna, nesken parte hartzea sustatzea, elkartasuna, elkarrekiko errespetua, jasangarritasuna partiduetara bertaratzerakoan eta kirol munduaren profesionalizazioa.
Eskola Kirolak handitzen jarraitzen duela azpimarratu zuen Markosek. «Aurten ere eskola kirolak azken urteetako bilakaera paregabeari eusten dio, datuak ikusi besterik ez dago. Datu horiek eskola orduz kanpo haur eta gaztetxoek egiten dituzten jardueren artean nagusi bihurtzen dute Eskola Kirola. Hortik, besteak beste, bere garrantzia», zehaztu zuen. «Oiartzunen 25 talde ari dira Eskola Kirola praktikatzen».
Bestalde, nesken parte hartzea gorantz doa urtez urte, poliki bada ere. Oarsoaldeko Eskola Kiroleko parte-hartzaileen % 34,31k neskak dira (2018. urtean %33,92ak parte hartzen zuen), eta %65,69 mutilak dira (2018.urtean %62,09ak parte hartzen zuen).
«Eskola kirola jarduera %100 euskaraz egiten da gaur egun, urteotan guztiotan egin den lanari esker entrenatzaileen kirol prestakuntza eta euskararen ezagutza eta erabilera ahalbidetzen baitira gaur egun», ziurtatu zuen Markosek.
Kirol aniztasuna
«Eskola-kirolaren filosofia nagusia kirol-aniztasuna da. Kirol bat baino gehiago ikasteko eta praktikatzeko aukera onuragarria delako 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Haurrek hainbat kirol probatu eta ikasi behar dituzte, eta, gero, gustukoena aukeratu», gaineratu zuen kirol saileko zinegotziak.
Bestalde, «nesken eta mutilen arteko berdintasuna sustatzen ari gara, nesken praktika fisikoa bultzatuz eta kirolaren munduan duten lekua aldarrikatuz», azpimarratu zuen.
Amaitzeko, herriko eskola kirola eredugarria izan dadin ikastetxeek, guraso elkarteek eta udalek egiten duten lana azpimarratu eta balioetsi zuen.