800 lagunek hartu dute parte Kirol Asteko 14 tailer eta ekintzetan
GOIZARIN
Igandea, 6 azaroa 2022, 00:10
Oiartzungo Udalak balorazio positiboa egin du bukatu berri den Kirol Astearen gainean. Enekoitz Markos Kirol zinegotziak azaldu duenez, 800 pertsonek hartu dute parte antolatutako ekintza, hitzaldi eta tailerretan.
Jarduera fisikoa eta kirola sustatu eta erdigunean jartzeko, Kirol Astea antolatu berri dute urriaren 23tik 28ra Oiartzungo Udalak eta Kirolaisik, adin tarte guztientzat eskaintza zabala egon delarik.
Kirol modalitate ezberdinak
«Herritarrek gustura hartu dute parte ekintza eta tailerretan. Gainera, kirol modalitate ezberdinak probatzeko aukera ere asko eskertu dutela», adierazi du Markosek. «Ariketa fisikoa egiten jarraitu eta ohitura osasuntsuak urte osoan zehar» mantentzera dei egin die oiartzuarrei. Azkenik, Kirol Astea antolatzeko herriko eragileek egindako lana eta jasotako laguntza ere eskertu nahi izan ditu zinegotziak.