Koldo Fernandez Etxarteren familiak jaso du VII. Kirol Saria
Hamarnaka lagunek parte hartu dute eskertza ekitaldian
GOIZARIN
Oiartzun.
Igandea, 30 urria 2022, 00:11
2022ko Kirol Asteari amaiera emateko, pasa den ostiral arratsaldean Oiartzungo VII. Kirol Saria jaso zuen Koldo Fernandez Etxarteren familiak. Ekitaldi hunkigarrian, izan ziren Koldoren senitartekoak, lagunak, Udal ordezkariak, Oiartzun Kirol Elkarteko kideak, entrenatzaileak eta jokalariak, baita herriko beste kirol elkarteetako ordezkariak ere.
Otsailean zendu zen Oiartzun Kirol Elkarteko lehendakaria, herriko futbol taldea aurrera ateratzen gogor lanean aritu zena berrogei urtetik gora. Ostiraleko ekitaldian egindako lana eskertu nahi izan zuen Oiartzungo Udalak eta herriko beste kirol elkarteek ere.
Enekoitz Markos Kirol zinegotziak eman zion hasiera saioari. Oiartzungo VII. Kirol Sarirako 21 proposamen ezberdin jaso zituzten arren, Kirol Aholku Batzordeak Kirol Saria Koldo Fernandez Etxarterentzat izatea «aho batez» erabaki zuela adierazi zuen, «egin duen lan guztiak aitortza eta eskertza merezi duelako». «Koldok Oiartzunen alde egindako lan guztia ezingo dugu ordaindu, baina gaur zor horren zatitxo bat kentzen saiatu nahi dugu», aitortu zuen.
Markosek Fernandezek bideratutako beste bi lorpen ere nabarmendu zituen: emakumezkoen futbolaren alde egindako apustua eta esfortzua eta aniztasun funtzionala duten pertsonek ere futbol egokituan aritzeko aukera izan dezaten egindako lana. «Koldok bazuen berezko ezaugarri bat: ez zuen inor atzean uzten. Eta hau Oiartzun Kirol Elkarteko eguneroko lanean ere txertatzeko gai izan zen», azpimarratu zuen Markosek. «Guretzat hain garrantzitsuak diren baloreak transmititu ditu oiartzuar belaunaldi askori: umiltasuna, errespetua, talde lana, konpromisoa...».
Enrike Lekuona OKEko lehendakariak hartu zuen hitza gero eta hark ere esker oneko hitzak izan zituen Koldorentzat, eta «berak erautsitako bidetik gogor lanean» jarraituko dutela esan zuen.
Jexux Leonek Oiartzungo alkateak eman zien Kirol Saria Fernandezen semeei: Endika, Edorta eta Eñaut. Leonetek «Koldo guztiontzat erreferente bat» izan dela aitortu zuen, «bai kluberako eta baita bizitzarako ere». Bere umiltasuna, konpromisoa, zintzotasuna eta lanerako gogoa goraipatu zituen. Haren familia ere gogoan izan zuen.
Amaieran, Eñaut Fernandezek, Koldoren semeak, hartu zuen hitza. Udalari, OKEri eta herriko gainontzeko kirol elkarteei eskerrak eman zien sariagatik, baita aitari ere, «herriari kirol arloan emandako guztiagatik. Guztion artean herriko kirolari bultzada» ematen jarraitzeko deia egin zuen. Familia argazkiarekin amaitu zen emozioz beteriko ekitaldia.
Lagunen omenaldia
Udal areto nagusian Oiartzungo Kirol Elkarteko egungo zuzendaritza taldeko kideez gain, han bildu ziren gizonezkoen Ohorezko Erregional taldeko jokalariak nahiz entrenatzailea ere. Aurreko lehendakariek nahiz zuzendaritza taldeko kideek ere ez zuten galdu omenaldia, hala nola Roman Iza, Martxel Uranga eta Mikel Irigoien. Entrenatzaile ohiak ere ikus zitezkeen udal areto nagusian: Gari Argote, Jon Alkorta, David Brun...; baita jokalari ohiak ere, hala nola: Rosario Etxegoien, Dani Beaumont. Beste elkartetako ordezkariek ere ez zuten huts egin ostiralean: Oiarpe Pilota elkarteko Eusebio Agirrezabala eta Xabier Landa; Aldeguna elkarteko kideak... esate baterako.