Igandean Oiartzun herriak Jose Manuel Azkue organista gogoratuko du
GOIZARIN
Asteartea, 1 azaroa 2022, 00:02
Oiartzungo Organozaleak elkarteak antolatuta, Jose Manuel Azkue IX. Memoriala Errenterian, Irunen eta Oiartzunen ospatuko da. Hilaren 4an emango zaio hasiera Errenteriako Agustinen Komentuak Jose Manuel Azkueren oroimenezko kontzertuarekin. Hitzordua 19:30ean jarri dute antolatzaileek eta musikariekin solasaldi bat egin ondoren, 20:00etan kontzertua hasiko da, organo, dultzaina, txistu eta oboearekin.
Hilaren 5ean, Irungo Junkaleko A. M. parrokian J. Verdinek organo kontzertua eskainiko du 19:00etan. Azkenik, Oiartzunen igandean, hilak 6, 18:30ean izango da kontzertua, San Esteban parrokian. J. Verdinek harmoniuma joko du eta M.N. Bettek pianoa. Haiekin batera Donostiako Orfeoiak abestuko du S. Alfaroren zuzendaritzapean.
Bederatzigarren Memoriala
2008ko abenduaren 19an hil zen Jose Manuel Azkue Aginagalde organista oiartzuarra, 81 urte zituela. Euskal Herriko organista laudatuenetakoa izan da. Donostiako Santa Maria Basilikako organista, Gipuzkoako hiriburuan antolatzen den Musika Hamabostaldian protagonismo berezia izan zuen Azkuek. Ameriketan ikasia, Europa osoan organo-kontzertuak emana, Espainiako hainbat lekutan ere egun ospetsutan ohorezko organo-saioak eskaini zituen. Hitz batean, puntako kontzertista izan zen bere alorrean, hain zaila den organo-tresneriaren erabileran.