Euskararen astea ospatu dute Elizalde Herri eskolan
GOIZARIN
Larunbata, 21 maiatza 2022, 00:06
Pasa den astelehenean hasi eta atzo bitarte Euskararen Astea ospatu dute Elizalde Herri Eskolan. «Ikasleak euskarara erakartzeko prestatu dugu aste eder hau», argitu du Andoitz Apaolaza eskolako zuzendariak. Aste osoan zehar ekintza desberdin franko izan dituzte Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleek; egitarau erakargarria izan dute eskuartean.
Besteak beste, Euskal Kantuen bilduma osatu dute, gelaka; 'Moko txiki'-ren ipuina irakurri eta grabatu dute adin guztietako ikasleek; Alaia Martin eta Xabat Illarregi bertsolarien saioaz gozatu dute; olinpiadak antolatu dituzte eta Porrotxek nahiz Marimototxek 'Zorionak, Marimototx!' emankizuna eskaini dute. «Taldeka argazkiak atera dituzte pailazoekin batera», gaineratu du.
«Ikasleen irria ikusita, igaro dugun aste zoragarri honek bere isla izango du, ezbairik gabe», azpimarratu du zuzendariak.