Bizkaia nagusitu da Euskal Herriko emakumezkoen mahai-joko txapelketan
Hiru herrialdeko 22 emakume pilotarik parte hartu dute oso arrakastatsua izan den txapelketan
GOIZARIN
oiartzun.
Asteazkena, 9 azaroa 2022, 00:06
Txost elkarteak, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzak eta Munduko Pilota Batzarrak antolatuta, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin, pasa den larunbatean Euskal Herriko emakumezkoen Mahai-joko txapelketa jokatu zen Oiartzungo Beheko Plazan. Lau taldek parte hartu zuten: Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa 1 eta Nafarroa 2.
Hasieran, ligaxka bat jokatu zuten, denek denen aurka eta emaitza hauek jaso zituzten: Gipuzkoa 5 Nafarroa 1, 7; Nafarroa 2, 4 Bizkaia 7; Bizkaia 5 Gipuzkoa 6; Nafarroa 1, 7 Nafarroa 2, 4; Gipuzkoa 8 Nafarroa 2, 7 eta Bizkaia 6 Nafarroa 1, 3. Emaitza horien ondoren, lehen posturako hiru talde geratu ziren puntu berdinekin; Bizkaia, Nafarroa 1 eta Gipuzkoa.
Finalerako zeintzuk sailkatzen ziren erabakitzeko epaileek kontutan hartu zuten euren arteko partiden emaitzak. Horren ondorioz, Bizkaiak 11 joko alde eta 9 aurka zituen; Nafarroa 1ek, berriz, 10 joko alde eta 11 aurka; Gipuzkoak, 11 joko alde eta 12 aurka. Hortaz, Bizkaia sailkatu zen finalerako. Beste finalista sailkatzeko berriro ere berdintasuna zegoen Nafarroa1 eta Gipuzkoaren artean. Azkenik, partida guztien emaitzak kontuan hartuta, Nafarroa 1ek, 18 alde eta 13 aurka eta Gipuzkoak, 19 alde eta 19 aurka, epaileek erabaki zuten Nafarroa 1 zela bigarren finalista.
Eta finalean Bizkaia nagusitu zen: Bizkaia 11 Nafarroa 1, 5.
Txapelketa parekatua
«Ikusten denez, oso parekatua izan da txapelketa eta Bizkaia atera da garaile. Hiru herrialdeko 22 emakume pelotarik parte hartu dute eta esan dezakegu oso arrakastatsua izan dela txapelketa», adierazi du Joxemari Mitxelena Oiartzungo Txosteko kideak.
Sariak banatzen Oiartzungo Udalaren aldetik Arrosa Lizaso zinegotziak parte hartu zuen; Gotzon Enbil Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak; Pedro Uriarte Munduko Pilota Batzarren aldetik, Javier Conde Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako presidentea eta Joxemari Mitxelena Oiartzungo Txosten aldetik.