Arditurriko XIV. Rolleski lasterketa, Urdaburuko mendizaleen eskutik
GOIZARIN
Osteguna, 3 azaroa 2022, 00:08
Orereta-Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteak antolatuta, hilaren 12an Bidegorrian Arditurri XIV. Rolleski lasterketa jokatuko da. Oiartzungo Alcampo merkataritza gunean jarri dute lehen hitzordua, arratsaldeko 15:30ean. Bertan egongo den postuan jasoko dituzte dortsalak parte hartzaile guztiek.
Horren ondoren, 16:00etan, Gazteen (2009 edo ondoren jaiotakoak) irteera izango da, Ergoien auzoko Fortaleza jatetxearen ondoan. 'Eskiatzaile' trebe horiek 3.700 metroko ibilbidea egingo dute. Ordu berean izango da helduen (2008 edo lehenago jaiotakoak) irteera ere. Baina horiek Alcampotik bertatik abiatuko dira. Kirolari horiek, ordea, 7.700 metroko ibilbidea osatu beharko dute.
Rolleskiaren praktika eskiatzaileen artean nahiko zabalduta dago. Izan ere, horrela errepide gainean entrenatzeko aukera izaten dute. Bi gurpilez osatutako xasis metalikoa dauka eta, eskiekin antzera, bi bastoiez laguntzen dira abiada hartzeko.
Hiru modutan egin daiteke: aurrez aurre Urdaburu elkartean, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara arte; elkartera deituz 943 52 7 879 edota 686 596 732 telefonoetan, astearte eta ostegunetan, 19:00etatik 21:00etara arte, edota korreoz, eskarmendi@gmail.com helbidera idatzita.
Sari banaketa eta arauak
Proba amaitu ondoren, 18:30ean antolakuntzak merienda batera gonbidatuko ditu parte hartzaileak Urdaburu egoitzan –Juan Olazabal kaleko 23. zenbakia, Orereta-Errenteria–. Jarraian sari banaketa izango da.
Bestalde, mendizale elkarteak dagoeneko adierazi ditu lasterketa egiteko bete beharreko arauak: lehendabizi, derrigorrezkoa izango da kaskoa eta betaurrekoak erabiltzea; bigarren, klasiko rollerskiak erabili behar dira eta horiek antirretorno gurpil bat izango dute gutxienez; hirugarren, korrikalariak federatuta egon behar dira.