Alaia Martin Etxebeste, Ilunbeko finalean
«Saio fin-fina egin eta gozatzekoa da gaurko asmoa», dio bertsolari oiartzuarrak
GOIZARIN
OIARTZUN.
Larunbata, 14 abendua 2019, 00:25
Egun handia izango da gaur Oiartzungo bertso zaleentzat. Izan ere, Donostiako Arenan (Ilunbe) jokatuko den finalean aurten ere ez da oiartzuarrik faltako oholtza gainean. Alaia Martin Etxebeste bertsolariak hirugarrenez parte hartuko du Gipuzkoako Bertsolari txapelketan. Irailaren 14an 42 bertsolarik hasitako bidearen amaiera izango da gaurkoa eta bide horretaz zein gaurko saioaz hitz egiteko bildu gara Ugaldetxoko gaztearekin.
Pozik dago bertsolari oiartzuarra finalean egoteko burutu duen lanaz. «Bide ederra izan da. Prestaketan asko gozatu dut eta baita saioetan ere. Final laurdenetan gustura kantatu nuen baina poto egin nuen zortziko txikian eta horrek lagundu zidan hurrengo ariketei zentratuago eusten», adierazi du Martinek. «Finalaurrekoetan zentratuago joan nintzen eta pozik geratu nintzen oro har», gaineratu du, pozik.
Luze eta era askotara entrenatu du Martinek. «Entrenamendua abenduan ahalik eta frexkoen eta landuen iristeko antolatu nuen eta saio fin-fina egin eta gozatzea da gaurko asmoa», aitortu du bertsolariak. «Añorgan eta Oiartzunen elkartu gara, taldean prestatzeko eta gainerakoan ohi bezala; bizitzaren, artearen eta munduaren aurrean esna egonez eta teknika landuz», argitu du.
Gipuzkoako zortzi bertsolaririk onenak izango dira gaur buruz buru, Donostian. Publikoa gozatzeko gogoz joango da Ilunbera. Bertsolaritzaren festa izango da gaurko finala beste ezeren gainetik. Gaur onena denak irabazi dezala.