Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Aiako Harriko natura-parkeak bere eguna ospatuko du igande honetan.

Oiartzun

Aiako Harriko natura-parkearen eguna izango da igandean, Aritxulegin

Jardunaldian hainbat jarduera izango dira, besteak beste, hegazti bat askatzea eta gazta dastaketa bat

Elena Viñas

Oiartzun

Miércoles, 28 de mayo 2025, 20:28

69 kilometro koadroko azalera du Aiako Harria natura-parkeak. Gure natur eta kultur ondarearen arteko lotura banaezinaren erakusleiho paregabea da, kultur paisaia garbi-garbia. Izan ere, natura-parkeko gaurko paisaia hiru giza jarduerek itxuratu dute nagusiki: abeltzaintzak, basolanak eta meatzaritzak. Aiako Harriko gaurko ekosistemak, neurri handi batean, hiru jardun horiek moldatutakoak dira, altxor preziatuenetariko bat diren mendiko larreak edota zuhaitz lepatuak lekuko –askok uste ez bezala– ez direlako berezkoak, betidanikoak, gizakiak sortutakoak baizik. Natur ondarearen babesleku eta gordeleku ez ezik, Aiako Harriko natura-parkea aisia-leku ezinbestekoa ere bada oiartzuar eta gipuzkoar askorentzat egun.

Aiako Harriko natura-parkearen garrantzia aitortzeko, Aiako Harriko natura-parkearen eguna antolatu du igandean Gipuzkoako Foru Aldundiak, Oiartzungo Udalaren laguntzarekin. Aritxulegin egingo dute eta natura-parkeko ondarea ezagutu eta hartaz gozatzeko aukera egongo da.

Egitaraua

Ospakizuna 10:30ean hasiko da. Hara ailegatutakoan, parte har-tzaileek han izango den artaldea bertatik bertara ikusteko eta sentitzeko parada izango dute eta aditu batek natura-parkean betetzen duen eginkizuna azalduko die, baita nola zaintzen eta ustiatzen den ere.

Ondoren, basozain batek Basabizin, Aldundiak Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzeko Urnietan duen zentroan, artatutako eta sendatutako hegazti bat askatuko du. Aurretik, basozainak Basabiziren funtzionamenduaz eta askatuko den hegaztiaren nondik norakoari buruzko argitasunak emango ditu.

Segidan euskal makila borroka jokoa erakustaldia izango da Oiartzungo elkarte baten eskutik. Teknika hori borrokarako eta defentsarako erabiltzen zen denbora joanetan Euskal Herrian, bai ezpaten aurka, bai aiztoei aurre egiteko, bai beste makilaz edo esku hutsik zetorrenari oldar-tzeko.

Hori bukatutakoan musikaren txanda izango da. Hain zuzen, Et Incarnatus talde entzutetsuko soka lauko-boskote batek 'Menditik itsasoraino dantzan (I)' emanaldia eskainiko du Migel Zeberioren zuzendaritzapean.

Azkenik, saioa burutzeko, gazta dastaketa (eta salmenta) izango da. Edalontzia norberak eraman behar du etxetik.

Egun horretan ezingo da (arrazoia justifikatu gabe) Aritxulegira autoz joan. Pagoaldea poligonoan etengo da errepidea. Aldundiak doako autobusa jarriko du Oiartzundik Aritxulegiraino. Zerbitzu hori erabiltzeko ezinbestekoa izango da izena ematea, bide hauen bitartez: arditurri@gipuzkoanatura.eus, 943 49 42 48, 688 895 068.

Karla Lekuona futbol zelaiaren paretik aterako da 10:00etan. Pagoaldea poligonoan geratuko da, autoa han utzi duten oiartzuarrak eta kanpotarrak jasotzeko 10:10ean. Ospakizuna 13:15ak aldera bukatuko da eta autobusak 14:00etan aterako dira. Tarte horretan, nahi duenak, ondoko aterpetxean zerbait hartzeko aukera izango du.

Oinez joan nahi dutenak, taldean (Gipuzkoako Parketxe Sareko ingurumen-hezitzaileen gidaritzapean), Arditurriko parketxean elkartuko dira goizeko bederatzietan eta joateko ordu eta laurdeneko/erdiko bidea egingo dute. Horrenbestez, komeni da mendian ibiltzen ohituta egotea eta ura nahiz oinetako aproposak eramatea. Ume oso txikiekin joan nahi dutenentzat ez da bereziki egokia. Bestalde, ezingo da txakurrik eraman. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aiako Harriko natura-parkearen eguna izango da igandean, Aritxulegin

Aiako Harriko natura-parkearen eguna izango da igandean, Aritxulegin