Zabalik da Mendi Film Bekaren seigarren deialdia
Mendiko kultura ikuspegi askotatik ulertuta sustatzea da xedea eta 10.000 euro eta aholkularitza proiektu irabazlearentzat
DV
Larunbata, 9 abuztua 2025, 17:54
Mendi Film jaialdiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Mendi Film Bekaren seigarren edizioa jarri dute martxan. Mendiko kulturaren ikus-entzunezko sustapena helburu duten proiektu zinematografikoak sortzera bideratua dago, eta hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu. Irailaren 30era bitartean aurkez daitezke lanak ikus-entzunezko proiektu zinematografikoak sortzera bideraturiko deialdira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mendiko kultura ikuspegi askotatik ulertuta sustatzea da xedea, hau da, kirola, kultura, gizartea edo jasangarritasunarekin, ekologiarekin eta klima-aldaketarekin lotutako proiektuak aurkez daitezke. Errealizadoreen gaztetasuna, Bizkaian filmatutako proiektuak eta horien izaera lokal-globala, baloratuko dira; halere, hirurak ez dira faktore baztertzaileak izango beka lortzeko garaian.
Bekak hautatutako proiektua garatzeko 10.000 euroko diru laguntza eta aholkularitza programa eskainiko ditu. Egile amateurrek nahiz esperientziadun profesionalek aurkeztu ahal izango dute hautagaitza, eta hori da aurtengo deialdiaren berrikuntza nagusia. Adin mugarik ez da ezarriko 18 urtetik gora.
Hautaketa prozesuak bi fase izango ditu: hurrengo fasera igaroko diren lau proiektu finalistak hautatuko dira, eta bigarren eta azken fasea BBK Mendi Film Bilbao- Bizkaia jaialdiaren 18. edizioan burutuko da, aurrez aurre, eta ikus-entzunezkoen komunitateko nahiz mendi munduko kideez osatutako epaimahai batek ebatziko du Mendi Film Bekaren 6. saria jasoko duen proiektua zein den. Ostean, urtebeteko epea izango du egileak proiektua ekoizteko, eta zinemaldian estreinatuko da.
Proiektuak inskribatzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Proiektuaren ideia originala izango da, mendiko kirolak (alpinismoa, eskalada, xenda zaletasuna, eskia, mendiko bizikleta, trail running, kayak, espeleologia, slack line, parapentea eta beste batzuk), abentura, esplorazioa, natura, beste jarduera kultural, artistiko, linguistiko, sozial edo ekonomiko batzuk, ekologia, jasangarritasuna edota klima aldaketa izanik gaiak, guztiak mendiaren eremuan garatuak. Oinarriak eta izena emateko formularioa www.mendifilmfestival.com webgunean daude.