3.000tik gora ikusle bildu ditu Iruñean, Donostian eta Zangozan
Zumaian, Leioan, Eskoriatzan,Vigon, Canet d'en Berenguerren, Tolosan, Bilbon, Eibarren, Ataunen, Vielha e Mijaranen, Gasteizen eta Igorren jarraituko du
Asteartea, 14 otsaila 2023, 14:48
2023ko Mendi Tour zirkuitu ibiltariak «hasiera ikusgarria» izan du Iruñean, Donostian eta Zangozan egindako lehen hiru hitzorduetan, eta 3.000 ikusle baino gehiago bildu ditu, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Abenduko jaialdiaren altzoan abiatu zen eta zikloak aurten 13. denboraldia bete du.
Iruñeko Golem Baiona zinema aretoetan lau egunez eskainitako zortzi saioetan 1.750 ikusle bildu dira. Donostiako Antzoki Zaharrean ere «giro bikaina» izan zen, eta hiru egun eta beste horrenbeste saiotan 1.123 ikusle bildu ziren. Zangozako Karmengo entzutegian, aldiz, 200dik gora lagunek bete zuten aretoa mendi asteko bi ostiral jarraian hartuta.
Urteko lehen emanaldien ondoren, Zumaian, Leioan, Eskoriatzan,Vigon, Canet d'en Berenguerren, Tolosan, Bilbon, Eibarren, Ataunen, Vielha e Mijaranen, Gasteizen eta Igorren jarraituko du Mendi Tour zirkuituak datozen asteetan.
Mendi Tour zikloaren 13. denboraldia da aurtengoa. Abenduko jaialdi nagusiaren altzoan, 2011n hasi zen eskaintzen Tolosan. Zirkuitua azarora arte luzatuko da aurten ere, eta abenduaren 8tik 17ra ospatuko den BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdiaren 16. edizioari bide egingo dio.
Iazko BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiko film onenek osatzen duten eskaintza, hala nola 'An Accidental Life' (2022ko Mendi Film Sari Nagusia), 'Ephemeral' eta 'Egoland' (2022ko saridunak eta Mendi Filmen hasierako ekitaldian proiektatuak), 'From shade to light' eta 'Agur Artzai' (bina sari 2022ko Mendi Filmen) edota 'Everest Sea to Summit' mendiko zinemaren historiako filmik sarituenetako batek.