Metroaren aurrekoak

Joseba Aranburu, Ordiziako Kultura zinegotzia, D'elikatuz-eko erakusketan, balantza batzuen ondoan./JOSETXO MARIN
Joseba Aranburu, Ordiziako Kultura zinegotzia, D'elikatuz-eko erakusketan, balantza batzuen ondoan. / JOSETXO MARIN

Aspaldiko neurriei buruzko erakusketa ipini dute Ordizian, hiribilduaren 750. urteurrenaren harira

FElix Ibargutxi
FELIX IBARGUTXI

Ordizian, hiribilduaren 750. urteurrenaren ospakizunen baitan, garai batean erabiltzen ziren pisu eta neurriak ezagutarazteko erakusketa ipini dute D'elikatuz Zentroan. Azoka-herria izan da aspalditik Ordizia; beraz, hor pisu eta neurriek berebiziko garrantzia eduki dute.

Gizarte guztietan, legez arautu behar izan ziren pisu eta neurketa-sistemak, saltzen zuena eta erosten zuena –bakoitza bere interesekin– bat etorri zitezen. Baina tartean bazen arazo handi bat: kilometro gutxian aldatu egiten zirela luzera eta pisua neurtzeko sistemak. Anabasa zegoen: Gipuzkoako neurriak, askotan, ez zetozen bat Nafarroakoekin, eta zer esanik Gaztelakoekin. Baina 1875ean, Pariseko Itunaren bitartez, Sistema Metriko Dezimala ezarri zen, eta handik aurrera asko erraztu ziren kontuak.

Jakingarria

Metroa eta kilogramoa, egia esateko, dezente lehenago Frantziako iraultzaileek jarri zituzten abian, 1799an, horretarako platinozko objektu batzuk gorde zituztelarik Artxibategi Nazionaletan. Makina bat urte pasa da 1875eko Pariseko Itunetik, baina, hala ere, gaur egun, herrialde anglosaxoi batzuetan ez da sistema metriko dezimala erabiltzen.

Goazen Ordiziako erakusketara. Han esplikatzen denez, garai batean luzera neurtzeko gailua kana zen. Kana eta Gaztelako 'vara' gauza bertsua ziren; bertsua, ez bera. Gaztelako 'vara'-k 0,8359 metro neurtzen zuen; zehatzago esanda, Burgoskoak. Kana, garai batean, saldu eta erosten ziren oihalak neurtzeko erabiltzen zen, besteak beste. Probintzia batetik bestera mugitzen zen merkatariak bazekien neurgailu ezberdinak erabili beharko zituela.

Aspaldi joan ziren garai haiek, baina gurean, fosilduta, aizkolarien munduan gelditu zaigu kanaren neurri hori. Baditugu kanako enborrak, baina ohikoenak kanaerdikoak izan ohi dira, basoan topatzen errazago direlako. Txapelketa ofizialetan, kanaerdiko enborra 54 ontzakoa (pulgadakoa) izan ohi da: hau da, bueltan 1,25 metro neurtzen duena.

Ordiziako erakusketak argitzen duenez, kana honela banatzen zen –Gipuzkoan behintzat–: besoa (5 cm), oina (27,86 cm), arra (20,90 cm), hazbetea (2,32 cm) eta eria edo hatza (1,74 cm). Tarte luzeetarako, legoa erabiltzen zen; hau da, «ordu batean, oro har, egiten den bidea», 5,5 km.

Pisu-neurriak, berriz, sistema erromatarretik datoz. Oinarrizko unitatea libra –edo libera– zen, eta 0,4601 kg zen. Horren multiploak arroa (25 libra = 11,5 kg) eta 100 librako kintala (46 kg) ziren. Bestalde, libra batek hamasei ontza zituen.

Ia leku guztietan unitate ofiziala erabiltzen zen, bitan izan ezik: batetik, Galizian, librak 20 ontza zituen; eta bestetik, Gipuzkoan eta Bizkaian, 0,492 kg eta 0,488 kg-ko librekin, hurrenez hurren.

Pasa gaitezen orain likido-neurrietara. Oro har, ardoarekin erabiltzen ziren neurriak dira. Halaber, sagardoarekin eta urarekin erabiltzen ziren ontzien edukiera aski arautua egoten zen. Baina olioak oso bestelako sistema zeukan: pisuaren arabera saltzen eta erosten zen.

Ardoa, txakolina eta sagardoa saltzeko garaian, oinarrizko kontu-unitatea beti edukiera-neurri bat zen: azunbrea edo pitxerra (sinonimoak ziren). Izen hori 'atzume' arabierako hitzetik dator, eta 'zortzirena' esan nahi du. Euskal Herrian, azunbrea gaur egungo 2,106 litro ziren, baina Donostian bestelako azunbre bat ere izan zen inoiz, 2,52 litrokoa. Nolatan alde hau? Toki gehienetan azunbreak lau libra-ardoren pisu-bolumena zeukalako, eta Donostian, berriz, bost libraren pisu-bolumena.

Gurean erabili ohi ziren beste neurri batzuk arroa (13, 16 litro) eta pegar edo gurpila ziren, 8 azunbre edo pitxerren baliokidea (16,133 litro). XVI. mendearen erdialdera, Hondarribian bi azunbreren baliokidea zen edukiera-unitatea erabiltzen zen txikizkako salmentarako. Pitxerra zen. Termino hori halaxe gorde da euskaraz.

Upela ere likido-neurri oso ezaguna zen, baina leku batetik bestera dezente aldatzen zuena. Ardoetarako, Espainian, edukiera gutxi gorabehera 80 botilakoa zen. Bitxikeria modura, petrolio-upelak gaur egun 158,98 litro dauzka.

Labore-neurriak ere erakusten dira Ordiziako erakusketan. Garia, garagarra eta horrelako beste aleak neurtzeko, ontziak erabiltzen ziren, oro har zurezkoak; goialdean burdinazko sendogarri bat zuten, ontzia higatu ez zedin. «Gari-garraioa» zuten hirietan, herritarren eskura egon behar zuten, udal-alondegian, anega, anega erdi, imina eta lakari neurriek. Horman katez loturik egoten ziren. Ertzetatik arrasera edo arradakia pasatzen zen, soberakina kentzeko. Eta pieza hori zilindrikoa zen, legez.

Anega neurri-unitate historikoa da, izen hori arabieratik datorrelarik: 'faniqah' (lurra garraiatzeko zakua).

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos