'Ni, hi, hura..., ikastola mundura!'
Atzo aurkeztu zuten 2019ko Zarauzko Kilometroetako leloa
ANTXON ETXEBERRIA
ZARAUTZ.
Larunbata, 1 abendua 2018, 10:22
Datorren urteko Kilometroak jaia Zarautzen izango da hirugarrenez, Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuta. 1987an egin zen Gipuzkoako ikastolen festa lehen aldiz Zarautzen eta 2014an bigarrena, Oriokoekin batera. Datorren urtekoa hirugarrena eta egitura honekin egiten den azkena izango da, Kilometroak festa beste eredu baterantz baitoa.
Eta eguna, datorren urteko urriaren 6a, oraindik urruti badago ere, atzo arratsaldean aurkeztu zizkiguten Kilometroak 19ko leloa, logoa, zozketa erraldoia, arropa... Gainezka zegoen Aritzbatalde kiroldegiko frontoian egin zen aurkezpena. Ikastolako guraso, ikasle eta ikasle ohi, irakasle eta irakasle ohi eta herritar ugari hurbildu ziren, eta ez ziren damutu, ikuskizun ederra eskaini bai-tzieten; 40 minutuko ekitaldia izan zen, oso arina eta gustora ikustekoa, antzerkia, mezuak, kantua eta dan-tzak uztartu zituena.
Dantza estilo desberdinak taularatuz irudikatu zuten atzoko emanaldian, datorren urteko festarako aukeratutako leloa: 'Ni, hi, hura... Ikastola mundura', hain zuzen ere. Ni-ak bizitza berri bat iragartzen du; haurdunak euskal dantzak hartu zituen oinarri; eta etorri zen Hi-a gero, funk estiloa oinarri duen dantzekin; Hura izan ziren Jalgi dantza-taldekoak, tradizioa eta modernitatea uztartuz, eta horrela gorpuztu zuten leloa.
Jaia datorren urteko urriaren 6an izango da, egitura honekin egiten den azkena Zarauzko Ikastolak hirugarrenez antolatuko du festa, 1987 eta 2014koen ostean
Atzokoarekin, auzolanean ondu duten festa batekin, urte osoko lanari ekin zion Salbatore Mitxelena ikastolak. Antzerki baten bidez aurkeztu zuten Kilometroetan landu asmo dutena. Oinarriak non dituzten ahaztu gabe, norbanakoaren errespetua eta bestearen aitortza eginda, Ni, Hi eta Hura-ren arteko fusioaren bidez, auzolana eta elkarlana irudikatuz atera ziren plazara.
Oinarria irudikatu zuten ikastolaren sorreran aritu ziren zenbait lagunek. Euskararentzat etxe bat egin nahi zuten haiek 'kabi bat egin zioten euskarari', eta kabia ireki ondoren ikusi zen etorkizuna, ikastolan hasi berri diren bi haurtxoren bitartez, lekukoa eskuan zutela.
Gero, bi aktorek gogoratu zuten ikastola izan zela euskarazko hezkuntzaren oinarriak jarri zituena, baita neska eta mutilek elkarrekin ikas zezaten bidea ireki zuena ere. Era berean, munduratzea helburu duela erakutsiz, Salbatore Mitxelena ikastolan ikasi zuten bi ikasle ohi pantaila handian agertuz ziren. Skype bidez agurtu zituzten Berlin eta Seattle-tik Zarauzko kiroldegian bildutako ia mila lagunak, tartean herriko ordezkaritza zabala, politikoa baita gizarte mugimenduena ere. Esan bezala, dagoeneko abian da 2019ko Kilometroak jaia.