Gipuzkoako 11 ikastolek hartuko dute parte Txikipedia: '300 baietz!' erronkaren hirugarren ekitaldian
Ikasleek gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea eta euskarazko edukiak bultzatzea bilatuko du ekimenak
Gipuzkoako ikastoletako 11 ikastetxetako DBHko 1. eta 2. mailako ikasleek Txikipedia: '300 baietz!' erronkaren hirugarren ekitaldian parte hartuko dute 2023ko lehen hiruhilekoan. Klima aldaketa, buru osasuna, emakume kirolariak eta Euskal Herria lantzea proposatu zaie ikasleei, eta gai horiek hartuta denen artean hirurehun sarrera berri publikatzea Txikipedian
Euskal Wikilariak kultur elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanean egindako ekimena da interneten euskarazko edukiak gehitzeko helburuarekin. Lankidetza honen aterkipean egindako hirugarren ekimena da, urtez urte lanka zertxobait igota egin dutena. Hasi berri den urteko lehen hiru hilabeteetan Txikipedian 300 sarrera berri sortzea da asmoa.
Proiektuaren bitartez ikasleek gizon eta emakumeei buruzko artikulu kopuruaren artean dagoen arrakala ezagutzea, gaiaz sentsibilizatzea eta egoera aldatzeko ezinbesteko eragile izatea eta konpetentzia digitala lantzea nahi da. Gainera euskarak sarean bizi duen egoera ezagutzea bilatuko da «egoera aldatzeko ezinbesteko eragile» baitira sustatzaileen aburuz.
Erronkara 26 ikastola batu dira orotara, horietako hamaika gipuzkoarrak. Ikastetxe bakoitzera bertaratuko dira dinamikaren sustatzaileak ikasleei erronka aurkezteko. Gero, dinamizatzaileen eskutik proposatutako gaiak jorratuko dituzte eta landutakoarekin sarrera berriak sortu. Prozesua errazteko asmoz eta ikasleekin tutoretza lana egiteko, txantiloiak eta ereduak emango zaizkie, baita aukeratutako gaiaren edo pertsonaiari buruzko informazioa, jada argitaratu diren artikuluak zein biografiak.
Azken pausu modura, Txikipedian argitaratuko dute landutako testua. Amaierako pausu honetan artikulua publikatzeko baldintzak errepasatuko dira ikasleek gunea ezagutu dezaten. Hau da, edizioa landuko dute.
Hauek dira aurtengo ekitaldian parte hartuko duten 26 ikastolak, DBH 1. eta 2. mailetako ikasleekin:
26 ikastolen zerrenda
-
Gipuzkoa Aita Larramendi Ikastola, Aranzadi Ikastola, Aratz Ikastola, Axular Lizeoa, Elgoibar Ikastola, Haztegi Ikastola, Laskorain Ikastola, Orioko Herri Ikastola, Pasaia Lezo Lizeoa, Uzturpe Ikastola eta Zurriola Ikastola.
-
Bizkaia: Abusu Ikastola, Andramari Zornotzako Ikastola, Betiko Ikastola, Kirikiño Ikastola, San Nikolas Ikastola, Seber Altube Ikastola eta Zubi Zaharra Ikastola.
-
Araba: Aresketa Ikastola, Armentia Ikastola, Assa Ikastola eta Lautada Ikastola.
-
Nafarroa: Garcés de los Fayos Tafallako Ikastola, Iñigo Aritza Ikastola, Lizarra Ikastola eta Paz de Ziganda Ikastola.
Txikipedia gunea elikatzeko erronkaren aurreko bi edizioetako emaitzekin oso pozik azaldu da Ikastolen Elkartea. Jakinarazi dituen datuen arabera lehen ekimenean parte hartu zuten 18 ikastoletako 50 taldek 250 artikulu argitaratu zituzten eta azken ekitaldian20 ikastolatako 55 talde inguruk 300 artikulu idatzi zituzten.