Gazteak unibertsitatera gerturatzeko jolas-jarduera-eskaintza
Maiatzaren 24a arte eman ahalko dute izena 2007 eta 2009 urteen artean jaiotakoek eta plazak hurrenkeraren arabera esleituko dira
J. A.
Larunbata, 16 martxoa 2024, 11:45
2007 eta 2009 urteen artean jaiotako gazteak unibertsitatera «modu ludikoan» gerturatzeko Egokitu udako campus eta jolas-jarduera-eskaintzara izen-emateko epea jada ireki da eta aipatutako adinekoek maiatzaren 24a arte eman ahalko dute izena Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Gipuzkoako Campusak garatu ekimenean.
Azken edizioan bezala, aurten ere EGOkITUk 9 ikastaro eskainiko ditu UPV/EHUko Gipuzkoako Campuseko hainbat ikastegietan. Horrela, parte-hartzaileek jarduera teknologikoak, sanitarioak edo sozialak aukeratu ahal izango dituzte unibertsitatea eta bertako irakasle ikertzaileak gertutik ezagutzeko. «Eskaintzen diren ikastegiak errepikatu arren, kasu askotan programatutako jarduerak aldatu egin dira unibertsitate-ikasketak gazteei modu ludikoan aurkezten jarraitzeko asmoz. Horregatik uste dut garrantzitsua dela edizio honetako web orria kontsultatzea Programa hau zehazki zer den jakiteko».
«Aurten ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak gazteen talentua sustatzeko konpromisoa agertu du, Euskal Herriko Unibertsitatearekin lankidetzan. Dagoeneko sei dira EGOkITU programaren edizioak, Aldundiko Ekonomia Sustapen eta Proiektu Estrategikoen Sailak lagunduta. Gainera, azken edizioetan urtero 15 eta 17 urte bitarteko 200 gaztek parte hartzeak elkarlan honen eraginaren berri ematen digu», azpimarratu du Aimar Insausti Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko Ekintzailetzaren eta Transferentziaren arloko zuzendariak.
«Edizio honetan-dio Aimar Insaustik- martxoan ireki nahi izan ditugu izen-emateak, eta Aste Santua baino lehen hainbat talde betetzea aurreikusten dugu. Iaz ezustekoa izan zen talde batzuk aste bakar batean osatu zirela ikustea, behin izena emanda. Horregatik, EGOkITUri buruzko informazioa bidali diegu lurraldeko ikastetxeei eta Lanbide Heziketako ikastetxeei. Ez dugu inor kanpoan geratzea nahi, informazioa garaiz jaso ez duelako ».