Borrar

Aia eta aiarrak

Jueves, 27 de diciembre 2018, 07:57

Comenta

Gure Aia erriari buruz aspaldian asitako prosa nuen au. Berari buruz pulamentuz ez bait det iñoiz idatzi. Gure Aia zabalari buruz, alegia.

Ba, gaur arrazoi geiagorekin nator. Izan ere, nere eta gure adiskide zaarrak, Joxe Mari Lertxundik, bere bosgarren liburuaren aurkezpena du gaur, Aiako kultur etxean. Bejondaizula! Zorionak! Eta or izango gaituzu ondoan.

Nioen pulamentuz-edo egin gabe nengoela prosarik gure Aia zabalari buruz. Zenbait aipamen bai. Esate baterako, ondoren datorren au eta.

Leen aldiz Aia errira amasei urterekin joan nintzala, identitateko karneta ateratzera. Eta orduan idi-proba plaza, plaza librean, irekian, zala. Eta nola egon giñan ia arratsalde osoan filan jarrita proba-plazan, guardia zibillak alboan pasean genituela.

Baita ere uste det jarri nuela bigarren aldian soldadutzarako taillatzera joan nintzala. Eta andik pare bat urtetara, nere leenengo bertso-plaza ere gure Aia zaarra izan zala. Eta orrelako zenbait.

Diotenez, beste amar errialderekin mugatzen da gure Aia. Nere zalantzak argitzeko, telefonoz deitu nion leengo illunabar batean Joxe Mari Lertxundiri berari. Eta onako zerrenda au eman zidan: Aia, Orio, Zarautza, Asteasu, Zizurkil, Errezil, Usurbil, Getaria, Aizarnazabal, Zestoa. Bada zerbait, jaunak.

Gaur, Aiako erri-kaskoa asko azita dago. Eta edertuta. Aiako plazan sartzen zeranean, geldituta begiratzen dezu bertara.

Idi-dema plaza eta pelotalekua ere bikain aireatuta eta estalpetuta dauzkate. Izan ere, zer litzateke gure Aia, idi-demarik gabe?

Erri eta errialde euskalduna da Aia. Eta oitura zaarretakoa. Ni gaztetxoa nintzanetik dakit Aian asko zirala baserri berritze eta obratan ibiltzen ziran jende adituak: argin, igeltzero, arotz eta abar.

Asko gogoratzen dedana zan Artxiola zaarra. Gizon aundia gorputzez, nere ustez aundiagoa gizonez. Izetan, gure baserrian, gu mutikoak giñala, argiñik edo arotzik bear bazan, bat Artxiola izango zan. Gizon isilla eta izketan azkarra. Errezildik etorritakoa Aiara. Artxiola baserria Errezillen bait da.

Apaiza ere bazan Aian Errezildik etorria. Artxiolaren laguna ura ere. Nor ez zuen laguna Inazio Mari Aldaik?

Errezildar asko bezela, zirika-tzaillea apaiza ere. Eta onela dio berriketaldi batean:

-Artxiola, Errezillen ez da ba oraintxe gizon asko geratzen.

Eta Artxiolak erantzun poliki-poliki:

-Baa. Nik ere alde egin nuen eta zu ere bialdu zinduten eta...

Elduiok orri!

Jende euskerazalea da Aian. Gaiñera, Aia kaskoko euskerak badu alako doiñu berezi bat. Jarri zaitez arretaz entzuten aiar bat izketan ari danean, eta 'Ayaan' entzungo diozu.

Izuelako artzaiari, berriz, 'Pastor Izuela' deitzen zioten. Aiako Altzola baillarako Izuela baserriko artzaia. Bertsolaria. Bere txakurrarekin Aiara joaten zan bakoitzean, ardiekin aazten zan oietakoa. Aietako batean, gazte batzuek: «I, i. Tentatu bear diagu. Txapela zulodunarekin zebillek gaur ere».

-Egun on, Pastor Izuela.

-Jaungoikoak egun on daizuela.

-Txapela daukazu modakoa.

-Sobran zeukalako kendu zioat ortik gorakoa.

-Joño! Gaitako zaude, gaitako!

-Obea bazeukaat jaitako.

Kontuz artzaiarekin, mutillak!

Aia bertsolari-kutsua duen errialdea da baita ere. Afiziokoak ez ezik, ofiziokoak ere nunai ditu. Joxe Mari Lertxundi, Joxean Manterola Zatain, Martin Rezabal Olaso, Luis Otamendi, Markos Manterola zana eta… Ni baiño obeak danak.

Gu bertsotan zerbait ibili giñan garaian, neska bertsolaririk ez zan Aian. Baiña lasai. Etorriko dira. Orain, bertsozaletasun aundia dago eta, Aian ere ba omen datoz kimu berriak. Bejondaizuela. Ea irteten dan beste Pastor Izuela.

Kirolariak ere eman ditu gure erri zaar onek. Esate baterako, segalariak. Pedro Etxenagusi zaarra eta. Zer giza larru, Pedro? Gaztetan Loiolan astebeteko ejertzizio-sermoitan egon giñanean, ez giñan santu biurtu, baiña jan eta edan bapo egin genuen.

1958an, Iturriozko Txintxa zelaian, sega-apustu aundia jokatu zuten bi aiarrek: Pedro Etxenagusik berak eta Gurrutxagak. Antxe nintzan ikusle.

Gerora, Aiako segalari aundia izan dana Joan Manuel Erasun. Pillaso. Segalari-munduan, izen aundia laga duena. Aupa, i! Orain semea ere badu pelotari profesionala.

Korrikalarien fama ere badu Aiak. Gu gazteak giñanean entzun izan genuen 'Aiar xaarra'ren izena. Baiña orduan korrika-apustuak izaten ziran, plazetan eta errepideetan. Eta ez krosetan, orain bezela.

Leon Albeniz 'Iruntxiberri' txikia ere ea zer korrikalari izana dan. Eta ez zuen sekulan kros bat korrituko, nik dakidala beintzat. Pixka bat xaartzen ari da, baiña or ikusten det aizkolariekin-eta, kirol-munduan. Izan ere, Iruntxiberri txikiari kirola kendu ezkero, arnasa joango litzaioke.

Aian bada, ordea, Lasarteko krosa irabazitako korrikalaria: Joxe Migel Maiz. Erraz esaten degu «Lasarteko krosa irabazi». Or, mundu guztiak artzen zuen gero, parte! Larri ibilia izan bear zuen, bai, bidean zapatilla galduta. Ala ere aurrera! Aiarra izan, nunbait. Aspaldian ez gaituk sagardotegira joan Joxe Miel. Nun arraio abil?

Artxiolaren bi seme ere baziran korrikalariak. Biak ikusita nago Lasarteko krosean korritzen.

Eta Aiako arrijasotzailleak? Garai bateko Manterola bat, danak ao-zabalik lagatzen zituena. Usarbe bat, bere pisua iru bider geituta jasota dagoen bakarra. Eta aspaldiko urteetan, Izetarrak, Joxerramun asita. Eta orain, Kortaberri ere bai.

Baneukan zuri buruz

au idatzi naia,

euskal kirolen kabi

zeran gure Aia.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Aia eta aiarrak