i-Sare, Gipuzkoako lehenengo mikro-sare elektriko adimenduna
Energia sortu, banatu eta biltegiratzearekin batera, une bakoitzeko kontsumoari egokitzea ahalbidetzen du
Joseba Zubialde
Miércoles, 17 de diciembre 2014, 16:57
Gipuzkoak ikerketa energetikoaren munduan aurrerapauso handia egin du i-Sare mikro-sare elektriko adimendunari esker. Azpiegitura aitzindaria da Europan eta energia aurreztea eta modu eraginkorrean kudeatzea ahalbidetzen du. Horrela, energia sortu, banatu eta biltegiratzearekin batera, une bakoitzeko elektrizitate beharrak asetzeko behar den energia zehatz-mehatz doitzen du, ahalik eta gutxien kutsatzen dituzten iturriak erabiliz.
Sorkuntza fotovoltaikoa eta eolikoa, hidrogenozko erregai-pila, inertzia-bolantea eta diesel motor bat dira energia sortzeko erabiltzen diren baliabideak, eta lortutako elektrizitatea berunezko eta ioi-litiozko bateriatan biltegiratzen da. Horiek guztiek eta kudeaketa adimenduneko softwareak osatzen dute i-Sare.
Momentuz, i-Sare abiarazteko, sektoreko euskal enpresei produktu berriak, ekipoak eta zerbitzuak probatzeko eta garatzeko plataforma moduan aurkeztu izan da, horiek nazioartean duten posizionamendua babesteko, hobetzeko, lana sortzeko eta negozio lerro berriak zabaltzeko lagunduko duela defendatu baitute. Azpiegitura Donostiako 27 Industrialdeko Enertic eraikinean ezarri dute eta hantxe aurkeztu dute asteazken honetan. Bertan izan dira Martin Garitano, Gipuzkoako diputatu nagusia: Iñaki Errazkin, Ingurumeneko eta Antolamendu Saileko diputatua; Josu Ruiz, Donostiako Garapen Ekonomiko saileko zinegotzia; josé Miguel Erdozain, IK4-Research Alliance-eko zuzendaria; eta Tomás Iriondo, Gaia-Cluster-eko zuzendaria.
Egitasmo hau martxak jartzeko 7 milioi euroko inbertsioa behar izan da da, eta haren finantzaketan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Sustapenak, Euskadiko Feder Operazio programak eta proiektuan kolaboratzen duten enpresen eta gune teknologikoek parte hartu dute.