Naturaguneak berreskuratzeko hitzarmena sinatu dute Foru Aldundiak eta La Caixak
Lau proiekturen bitartez gauzatuko da akordioa, 50.000 euroko aurrekontuarekin, eta bazterketa egoeran dauden 15 pertsonen laneratzea ahalbidetuko du
Joseba Zubialde
Martes, 16 de diciembre 2014, 14:28
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta La Caixak naturaguneen kontserbazioarako eta berreskurapenerako hitzarmena sinatu dute astearte honetan Donostian. Jada bederatzigarren urtea da bien arteko lankidetzarako akordioa sinatzen dutela, eta 50.000 euroko aurrekontua izango du. Akordioa lau proiekturen bitartez gauzatuko da eta bazterketa egoeran dauden 15 pertsonen laneratzea ahalbidetuko du.
Naturaren zaintza eta bazterketa egoeran dauden pertsonen babesa dira lankidetza honen bi ardatzak eta hitzarmen honekin teorikatik praktikara pausoa" ematen dela azpimarratu du Jon Peli Uriguenek, Berrikuntzako, Landa Garapenerako eta Turismoko diputatuak. Gaspar Guembek, La Caixako Gipuzkoako zuzendariak, bere aldetik azaldu du jarraituko dutela halako ekimenekin nahiz eta bizi ditugun garaiak hoberenak ez diren.
Hitzarmena interes ekologiko handiko lau proiekturen bitartez aurrera eramango da eta Pagoetako parke naturalean gauzatuko dira garrantzitsuenetarikoak, Roke Akizuk, Mendietako eta Natura Inguruneko zuzendariak, azaldu duenez. Ingurune horretan hostozabal exotikoen espezietako oinak moztu eta gerrikoa egingo da espezie autoktonoen garapena eragozten den kasuetan.
Jaizkibel mendian, lurraldeko interesik handiena duen gune bat izanik, bi egitasmo eraman nahi dira aurrera 2015. urtean. Bata, Pasaiako hegaletan dauden kostaldeko txilardiak leheneratzea izango da; bestea, amets arruntaren habitataren berreskuratzea.
Flysch-a ere jasoko ditu La Caixak eta Aldundiak sinatutako hitzarmenaren onurak. Itsasora botatzen diren plastiko eta beste hondakin gehienak hondartzetatik kentzen diren arren, badaude labarretara iristen diren hainbat hondakin bertatik ateratzea ia ezinezkoa dena gune horietara iristea oso zaila baita. Egitasmoak horiek biltzea eta dagokien zabortegira eramatea du helburu.
Bederatzi urte hauetako lankidetzari esker, La Caixak 2,65 milioi euroko inbertsioa egin du lurraldean 60 ekimenen bidez, eta horiei esker bazterketa arriskuan zeuden 247 pertsonen laneratzea erraztu da.