IRPHa dela-eta Kutxabanken aurka aurkeztutako 30 salaketen aurretiko bistak izan dira gaur Donostian
Epaitegietara deklaratzera deituak izan diren 30 familiek klausula «bidegabe» hortaz baliatuz kobraturiko dirua bueltatzea eskatzen diote erakundeari
Joseba Zubialde
Lunes, 10 de noviembre 2014, 15:28
Kutxabanken aurka 30 familiak aurkeztutako 30 salaketen inguruko bista izan da astelehen honetan Donostian. Horien bidez erakundeak IRPH Kutxak indizea aplikatzearen ondorioz ordaindutako dirua bueltatzea eskatzen diote Kutxabanki. Duela urtebete baino gehiago desagertu zen klausula hau.
Kutxabankek IRPH aplikatzea inmorala da, adierazi du Iñaki Colinak, IRPH Stop Gipuzkoako kideak eta Donostiako epaitegiko sarreran familia horien bozeramaile egin duenak. Hiru kasuetan justiziak ebatzi du klausula aplikatzea legediaren aurkakoa dela, azaldu du eta Kutxabank zigortua izan dela atzerako eraginez IRPHren arabera ordainduriko kuota guztiak berriz kalkulatzera eta bidegabe kobraturikoak itzultzera. Era berean, eta gertatutako guztiagatik, Xabier Iturberen dimisioa eskatzen du plataformak.
Salaketa bakoitzean IRPH Kutxak indizearen baliogabetzea eskatzen dugu dagokion ondorioekin, azaldu du Maite Ortizek, 30 familien salaketen defentsa egin duen abokatuak. Baliogabea deklaratzen bada familia bakoitzari hortaz baliatuz kobratutako diru kopurua bueltatu beharko lioke Kutxabankek, azpimarratu du. Ortizek espero du epaileek arrazoia emango dietela, aurretik aurkeztutako hiru salaketak irabazi baitituzte, eta klausularen erredakzio bera baita kasu hauetan ere.
Juan Manuel Lorenzo salaketa aurkeztu dutenetako bat da. Bere kasuan, 5.000 euro ingurura iritsiko litzateke Kutxabankek bueltatu beharreko dirua, 2007an eskatutako mailegu batengatik. Espero dut epaiketa hau irabaztea eta jurisprudentzia ezartzeko balio izatea, botere publikoek saihestu dezaten berriro ere horrelako gauzak gertatzea.