Borrar
Sagardogileak eta erakundeetako ordezkariak bat eginda Donostiako Konstituzio Enparantzan. Gorka Estrada
Euskal Sagardoa jatorri deitura, Euskal Herri osora zabaltzeko bidean

Euskal Sagardoa jatorri deitura, Euskal Herri osora zabaltzeko bidean

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroak sektorea bateratzeko ahalegina irudikatu zuten atzo Txotx denboraldiaren aurkezpenean

Gaizka Lasa

San Sebastián

Viernes, 10 de enero 2025, 06:33

Bere-bereak ditu Euskal Herriak euria, sagardo kupelak, Tapia eta Leturiaren doinu biziak, auzolana eta erakundeen arteko indar metaketa. Guztiek bat egin zuten atzo Donostiako Konstituzio Enparantzan. Ospakizun giroan Txotx denboraldi berria aurkeztu zuen sektoreak, 'bertako plazerra!' lelopean, baina urteroko azalpenetatik harago, bazuen lau haizetara zabaltzeko beste asmo handi bat ere. Eta horretarako 'atrezzo' egokia erabili zuen. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Iparraldea eta Nafarroa ordezkatzen zituzten kupelen aurrean iragarri baitzen, hain zuzen ere, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura Euskal Herri osora zabaltzeko bidean pauso bat gehiago eman duela.

Euroeskualdearen laguntza izango du sektoreak datozen 18 hilabeteetan sagarraren, sagardoaren eta sagardotegiaren Plan Estrategikoa gorpuzteko, 'Malus Bat' izenpean. Epe hori dauka euskal sagardoak jatorri deitura bateratu hori bideratzeko, eta juridikoki egin beharreko kudeaketa martxan da. Jatorri Deitura Iparraldera zabaltzeko bidea jorratu da lehenik eta mugaz bestaldeko sagardogileak 2025eko uztan Euskal Sagardoan sartuta egotea espero da, Europan dokumentazioa onartu ondoren. Behin hori lortuta, Nafarroa sartzeko konpromisoa ere lotua dago. Trebiñuko ekoizleekin ere izan da hartu emana Unai Agirre Jatorri Deituraren koordinatzaileak jakinarazi zuenez.

Euskal Sagardoa egiten duten sagardotegiak 46 dira gaur egun: arabarrak bat, bizkaitarrak hiru eta Gipuzkoarrak gainontzekoak (42). Baina lurralde guztiek batera aurkeztu nahi izan zuten Txotx denboraldi berria, ekosistema propio bat eta bakarra irudikatuz. Hala, egun dagoen eskaintza indartzea aurreikusten du sektoreak hurrengo 18 hilabeteetan 'Malus Bat' prokiektuaren baitan, sagardotegiaren eskaintza kulturala eta turistikoa landu eta bisitariei aukera berriak eskaini ahal izateko lurralde osoan zehar.

Xabier Arruti Gipuzkoako Lurralde Oreka Berdeko diputatuak ondo islatu zuen, hitzez eta itxuraz, aditzera eman nahi zena. Haren begitarte alaiak ilusioa pizten duen gaiaren aurrean gaudela adierazten zuen. Zergatia esaldi motz baina mamitsuan laburbildu zuen. «Herri proiektu bat da». Konstituzio Enparantzan eraiki nahi izan zen herriaren tankerakoa. Bertako ekoizleek bertako produktuekin aberastutako nortasun handiko herri bat.

Eusko Jaurlaritzak ere norabide berean bultzatzeko asmoa agerian utzi nahi izan zuen. Amaia Barredok, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, sagardotegiak zoriondu egin zituen Europa barneko jatorrizko izendapenerantz egiten dituzten urrats komunengatik. Bere esanetan, «horrek babes handia emango dio gure sagardoen ekoizpenari eta merkaturatzeari. Ez bakarrik gure merkatuetan, beste estatu eta herrialde batzuetan ere ateak irekiko baitira, Japonian gertatu den bezala». Barredok gaineratu zuenez, «elikaduraren eta gastronomiaren arloan dugun erreferentzia sustatzeko laguntza eta osagarria izango da hori, eta horrek Deituraren hiru administrazioetan ekarriko duen ekarpen kultural guztia izango du». Zuberoatik Arabaraino eta Bizkaitik Nafarroaraino doan ingurune atlantiko handia aipatu zuen sailburuak euskal sagardoaren eremu gisa.

«Bakoitzak bere ukitua»

Baina aterki bakar baten estalpean munduratzeak ez du esan nahi marka bakoitzak bere bereizgarririk ez duenik, eta sektoreak beti izan duen xarma horrek bizirik dirau. Maite Retolaza Euskal Sagardoaren arduradunak azpimarratu nahi izan zuen ideia hori, bertaratutako sagardogileek azken hilabeteotan egindako lana gogora ekartzen zuten bitartean. Sagarraren ezaugarriak aldatu egiten dira jatorrizko eskualdearen arabera eta «leku bakoitzak bere ukitua» ematen diola adierazi zuen, hango eta hemengo sagardotegietara bisita egitera jendea animatuz. Orokorrean, hori bai, 2024an ekoiztutako sagardoak usaintsuak direlako nabarmentzen dira, kolore biziagoa eta gorputz handiagoa dutelako. Disfrutatzea besterik ez da falta. Bertako plazerra baita. Euskal Herri osokoa.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Euskal Sagardoa jatorri deitura, Euskal Herri osora zabaltzeko bidean