«Egun osoa eman dezaket NBAko partidak ikusiz, eta Jordan zalea naiz»
J. L.
Asteartea, 22 abendua 2020, 07:36
–Superstiziosoa zara?
–Geroz eta gutxiago.
–Zein gerriko daramazu?
–Amak egin zidan bat. Baneraman profesionaletan hasi aurretik. Baliteke bat galtzea eta berria ... hartu behar izana, baina ez dut gogoan. Lehenago ama arduratzen zen nire pilotari arropaz. Gaur egun neska-laguna eta biok konpontzen gara. Ondo gainera.
–Sarritan aldatzen dituzu zapatilak?
–Ez. Superstiziosoa ez naizela esan dut, baina aitortzen dut zapatilekin maniatikoa naizela. Bigunak ditut gogoko. Gogorrak jasanezinak egiten zaizkit. Nire mugimenduak baldintzatzen dituztela iruditzen zait, eta tematia naiz kontu horietan. Gustatzen zaidan zapatila aurkitzen badut, pare mordoa erosten ditut batera. Zuriekin eman dut uda eta orain gris gordinak ditut. Kolore hori dela uste dut... Puskatu arte erabiliko ditut.
–Kamisetak gordetzen dituzu?
–Ez, ez. Agian debut egunekoa bakarrik.
–Telesailak, pelikulak.
–Telesailik ez dut ia ikusten. Zinea, aldiz, gustatzen zait. Netflix-en dokumentalak gogoko ditut. Baina NBA hastear da eta erabat katigatuko nau.
–Gertutik jarraitzen duzu?
–Urtero partida guztiak eta nahi dudanean ikusteko aukera ematen duen League Pass erosten dut. Atzera, aurrera... Egun osoa eman dezaket NBAko saskibaloi partidak ikusiz. Baina egunez. Aldiz, ACB liga ez dut batere jarraitzen. Aurten, gainera, futbol amerikarrak harrapatu nau. Hori bai, NBAk baino gutxiago. Bestela, etxetik bidaliko naute.
–Saskibaloi jokalari bat.
–Ezin dut bakar baten izena esan. James Harden, Klay Thompson, David Booker, Bradley Beal... Baina Jordan zalea naiz.
–Liburua.
–Irakurtzen ditut. Ez gehiegi, egia esan. Esku artean dudan azkena Ibrahimovic futbolariaren biografia da.
–Nora joango zinateke bidaian?
–Filipinetara. Bidaiazalea naiz. Ahal banu, mundu osoa ezagu-tzera joango nintzateke. Estatu Batuetara itzultzeko kapritxoa dut. Bakersfield-en egona naiz. Hiri bakarra ezagutu baino nahiago dut batetik bestera ibili. Amerikako estatuen artean desberdintasun handiak daude.
–Hiri bat.
–Lizartza.
–Mendia.
–Herniora igotzea. Beherakoan gustura jaten da pintxoa Zelatunen.
–Gabonetako kapritxorik.
–Goxokiren bat, panetoneren bat jan, baina ez naiz hain gozozalea. Aurten ezin naiz deskuidatu janariarekin. Aitaginarreba sukaldaria da eta kontuan izango du finalari begira.
–Jokin Altunarekin gabonetako loteriarik trukatu al duzu?
–Ez dut loterian jokatzen. Aspeko zenbakia baino ez dut hartzen.
–Nola deitzen da zuen zakurra?
–Leo.
–Pilotari izan ez bazina, zein ofizio aukeratuko zenukeen?
–Ezta ideiarik ere. Pilota utzi ondoren beste lanen batean hasi beharko dut. Gogoko dut automobilgintza. Autoek liluratu egiten naute. Berriak, salneurriak, merkatuari begiratu... Aitak karrozerian lan egin du betidanik. Nik nahiago dut mekanika, nahiz eta oinarrizkoa baino ez dakidan.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión