Aimar Olaizola: «Ez nuen espero jendeak horrelako harrera egitea»
Goizuetako pilotaria «oso gustora» sentitu da Donostiako Atano III.a pilotalekuan bere azken partidua jokatu ostean Zabaletarekin batera
Aimar Olaizolak nahi zuen bezala agur esan dio Donostiako Atano III.a pilotalekuari: goi mailako pilota jokatuz eta jarraitzaileekin batera. Horrelako harrerik ez zuela espero aitortu du Goizuetako jokalariak Zabaletarekin batera Altuna III.ari eta Ander Imazi 17-22 irabazi ostean.
EITB 1eko kazetari den Xabier Euzkitzeren galderei erantzunez, Atano III.nean beti «oso gustora» sentitu dela adierazi du Baikoko pilotariak. «Irabazi edo galdu partidu polita zen gaurkoa, festa bat». Aimar Olaizolak irailaren 15ean iragarri zuen azaroaren 13an hartuko zuela erretiroa eta pilotari agur esateko hainbat neurketa jokatuko ditu Euskal Herriko pilotaleku desberdinetan. Donostikoa bere agurraren lehenengoa zen eta hurrengo igandean Eibarreko Astelena pilotalekuan arituko da Albisurekin batera Irribarria eta Rezustaren aurka.
Goziuetakoa «oso pozik» agertu da Atano III.ean bizitako giroarekin. «Pilotariok gustora gaude frontoia beteta ikusita, posible ziren sarrera guztiak salduta. Neronek ere ez nuen espero jendeak horrelako harrera egitea», adierazi du.
Noticia Relacionada
Olaizola II se despide con victoria en un Atano III lleno (17-22)
Atano III.ak bere ibilbidean garrantzia handia izan duen pilotalekua izan da. Besteak beste, Donostian lortu zuen bere Buruz-Buruko lehenengo txapela 2005ean Irujori irabazita. «Beti oroitzapen onak ekarri dizkit Atano III.ak. Final asko jokatu ditut hemen, irabazitakoak eta galdutakoak. Orain ere partidu garrantzitsuak jokatzen dira, baino lehen agian gehiago», komentatu du gaurko neurketaren ostean.
Olaizola penarekin agertu da bere aurkari guztiak agurtzeko aukerarik ez duelako, baina argi zuen «maila polita» ematen bukatu nahi zuela bere ibilbidea. «Ez ditut lehen bezala diferentziarik markatzen, baina oraindik pilota aurrez hartu ezkero bukatzen jarraitzen du». Beste behin, «edozeini gerra emateko prest» dagoela erakutsi du Goizuetako pilotariak.