Zortzi ahots eta txapel bakarra
Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia ariko dira kantuan
Aissa Intxausti, Aitor Etxebarriazarraga, Gorka Pagonabarraga, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Oihana Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia. Zortzikote horretataik aterako da igande honetan 2023ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela zeinek jantziko duen. Lehia Bilbao Arenan hasiko da arratsaldeko 17:00etan eta ateak 15:30ean zabalduko dira. Hala, antolakuntzatik «sasoiz» joateko gomendioa luzatu dute «jende asko batuko garelako eta azken orduan trabarik ez egoteko».
Lehen saioa maiatzean izan zen, 'Udabarria Bertsotan' lelopean egin zen sailkapen fasearekin. Izandako sei kanporaketetan 36 bertsolari aritu ziren kantuan eta ostean kanporaketetatik sailkatutako 11ekin batuta, guztira 18 bertsolarik abestu dute finalaurrekoetan. Aipatutako zortziak izango dira azken lehian Zihara Enbeitak eta Beñat Vidalek jarritako gaiekin. Epaileak, ostera, hurrengoak izango dira: Ainhoa Arregi, Ander Arrien, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria eta Miriam Juaristi. Idazkari beharretan Itziar Basterretxea arituko da.
Finalak atal bi izango ditu. Lehenean kantatu beharrekoak honakoak izango dira: zortziko nagusian, hiruna bertso ofiziotan; zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; puntua emanda bertso bi zortziko txikian; hamarreko txikian, hiruna bertso ofiziotan; eta bakarkako lana: Gaia emanda, hiru bertso doinu eta neurri librean.
Bigarren atalera atalera puntuazio altuena duten bi bertsolariak bi pasatuko dira, eta buruz burukoa osatuko dute: zortziko txikian, hiruna bertso ofiziotan; seiko motzean hiruna bertso ofiziotan; eta ganbarako lana: gaia emanda hiru bertso doinu eta neurri librean.. Atal biak batuta puntuaziorik altuena lortzen duen bertsolariak jantziko du txapela.
Begoña Iturriza
Larunbat honetako finalean jardun osoena duenari txapela jartzea Begoña Iturriza Zabalari egokitu zaio. Iturriza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko sorrerako kide izan zen, eta 40. urteurrenean, horixe omendu nahi izan du Elkarteak. «Txapelketak eskaintzen duen erakusleihoa aprobetxatu nahi dugu, egindako bideari aitortza egiteko», azaldu du antolakuntzak.