Zientzia-fikzioa eta thrillerra uztartzen dituen podkasta
Otsailaren 26an estreinatuko den lanaren abiapuntua Zurriolako hondartzan espezie arraro bateko izakia aurkikuntza da
J. A.
Ostirala, 23 otsaila 2024, 12:29
Zientzia-fikzioa eta thriller psikologikoa uztartzen dituen 'Holobiontea' podkasta datorren astelehenean, otsailak 26, estreinatuko da. Trama nagusia sei ataletan egongo da banatuta eta abiapuntua surflari batek Donostiako Zurriolako hondartzan espezie arraro bateko izakia hilda itsasertzean aurkitu izana izango da. 'Holobiontea' da, hain zuzen, eta munduko komunitate zientifikoaren arreta piztu du aurkikuntzak. Hainbeste, non Matthew Mendoza euskal jatorriko ikerlari estatubatuarra ere Euskal Herrira erakarri duen. Idurre Aldazabal UPV/EHUko biologia irakaslea deitu du Eusko Jaurlaritzak ikertzaile taldearen buru izan dadin. Aurreratu dutenez, «segituan ohartuko dira, ordea, ez dela izakia sarean erori dena, beraiek baizik. Ez dago espezieen katalogoan sailkatua, baina harraparia da».
Protagonistak, berriz, Nagore Aranburu, Iban Garate eta Asier Hormaza dira; eta Aitziber Garmendia, Klara Badiola, Patxi Santamaria, Kandido Uranga eta BIEUSE aktoreen elkarteko kideak ere podkastean daude.
'Holobiontea' ULU Mediak egin du eta Xabier eta Martin Etxeberria anaien gidoia oinarri izanda eta Oier Aranzabalek gidatutako lantaldearekin. Soinu banda, berriz, Maite Larburuk ekoizpenerako espresuki sortua da. Alain Urrutiak egin ditu irudiak eta Anartz Zuazuak zuzendu ditu aktoreak. Grabaketak Lasarteko ULU Studion egin dituzte Jon Gartziak eta Alai Ormazabalek.
Asmoa 'Artxipelagoa' soinu fikzio arrakastatsuari segida ematea da eta hartan egin zen bezala sei ataletan banatuta egongo da 'Holobiontea'. Donostiako Aquariumean egindako entzunaldi berezian euskal soinu fikzioari oinarri sendoak jartzen ari direla azpimarratu zuen Maite Goñi EITB Mediako Audio eta Digital zuzendariak. Helburua «soinu, fikzioa indartzea» dela berretsi zuen. «Euskaraz kalitatezko eduki interesgarriak eskaini nahi ditugu, belaunaldi berriek kontsumitu nahiko dituzten edukiak; eta 'Holobiontea' eredu bikaina da», erantsi zuen.