Xabier Gaztelumendik jantziko dio txapela Gipuzkoako irabazleari
«Urte luzetan egindako lan isila» aitortu eta eskertu nahi dio horrela Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak
DV
Donostia
Larunbata, 7 abendua 2019, 09:04
Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari Xabier Gaztelumendik (Añorga, 1961) jantziko dio txapela, abenduaren 14ko finalean. Bertsozalea betidanik izan den arren, Bertsozale Elkartea barru-barrutik ezagutu eta bizi izan du Gaztelumendik: 2002tik Elkartean inurri lan nekaezinean aritu da, lehen 8 urtetan diruzain izan zen, eta hurrengo 8 urtetan, berriz, idazkari. Bitarte horretan Zuzendaritza Batzordeko kide izan da, Batzorde Ttipiko kide, eta eguneroko lanak eta kontu operatiboak kudeatzen aritu da Administrazio Saileko langileekin.
Ezinbesteko lanak eta gehiago egin ditu Xabierrek, eta Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak omenaldi berezi hau egin nahi izan dio finalean, berak egindako lana itzulezina bada ere, fokupera ekarri eta merezimenduaren aitortza gisa.
bertsoa.eus atariari egindako deklarazioetan adierazi duenez, «ohorea eta harrotasuna» sentitzen ditu Gaztelumentdik batez ere, «eta denen gainetik esker ona». Gaineratu du ohorea eta harrotasuna nabarmendu dituela «ez delako txantxetakoa elkartea ordezkatzea eta elkartean ixil-ixilik eta itzalpean lanean ari diren dozenaka emakume eta gizon ordezkatzea noiz eta horrelako momentu batean ezta. Elkartearen historia ezagutzen duen edozeinek badaki elkarteari zein garesti atera izan zaion txapela nork jantziko duen hautatzeko eskubidea beretzat gordetzea eta horri eustea eta horrek zenbat buruhauste ekarri dizkion elkarteari. Eta horregatik aurten txapel emailea ni izateak ba uste dut oraindikan harrotasun handia eragiten didala».
Bidea erakutsi
Gurasoen lanarekin alderatu du Bertsolari Elkartearen lana. «Guri tokatzen zaiguna da bide bat erakustea eta gero beraiek erabakiko dute bide hori jarraitu ala ez. Eta gure kasuan ere halaxe izan zen: ume-umeak zirela beti bertsoa, hitza, errima... landu izan dugu jolas bezala eta nonbait Beñati eta Unairi ere gustatu eta tira hortikan eta bertso eskolara eraman genituen txikiak zirela 10-11 urte izango zituzten eta orduan jarri zen martxan Igeldon bertso-eskola bat».
Bi emozio oso ezberdin direla uste du. «Bertsolaritza badakigu zer den, funanbulistaren ariketa, amildegiaren ertzean noiz irristatuko eta batez ere txapelketak duen proiekzio publiko horrekin ikustea etxeko norbait gune eta une horretan babesgabe eta hain zaurgarri ba horrek sortzen du guraso bezala larritasun puntu bat edo larritasun handi samarra, baina txapela ematearena nik uste beste emozio bat dela. Urduritasuna bai, oso urduri egongo naizela bai, hori badakit, baina lehen esan dudan bezala uste dut beste emozio batzuk gailenduko direla, ohore handi bat da eta horrek ematen duen harrotasuna eta esker ona baita ere elkarte osoari».
Azkenik, zorte ona opa die finalistei. «Beraiek dakite inork baino hobeto zer egin behar duten eta zer ez duten egin behar nik ezer esan gabe. Nik bakarrik opa nahi diet suertea izan dezatela, beren barruan duten onena eman dezaten, eta baita ere asma dezaten taldelana ondo egiten».