Borrar

Xabier Gaztelumendi (Bertsozalea): «Beste zazpi finalistak ere oso gertukoak ditut»

2002tik Gipuzkoako Bertsozale Elkartean «inurri lan nekaezinean» aritu den añorgar honentzat «sari handia» da txapela jartzea

Nerea Azurmendi

DONOSTIA.

Larunbata, 14 abendua 2019, 10:16

Comenta

Beste bertsozale askok bezala, zaletasunetik konpromisorako urratsa egin zuen Xabier Gaztelumendi añorgarrak. 2002 urteaz geroztik, denetariko lanak, borondatezkoak denak, egin ditu Gipuzkoako Bertsozale Elkartean. Diruzain izan zen zortzi urtez, eta idazkari beste horrenbestez. Omenaldi modura, «merezimenduaren aitortza gisa», Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleari txapela jarriko dio. Horren jabea zalantzan dago, baina Xabier Gaztelumendik ziurtatua du jada saria.

- Txapela jartzea txapela jasotzea ere bada, neurri batean.

-Dudarik gabe. Niretzat behintzat sari handia da, eta harrotasun motiboa, jasotzen duenarentzat eta ematen duenarentzat ere bai.

«Bertsozale Elkartea ekosistema oso bat da, bere baitan kolebtibo asko biltzen dituena»«Garbi daukat irabazten duenak irabazten duela, txapelak buru egokian bukatuko duela»

- Esan duzu borondatezko lanean zabiltzaten gizon eta emakume guztiak ordezkatuko dituzula txapela jartzean. Ikuspegi horretatik, zertaz zaude bereziki harro?

- Bertsolaritzarentzat ez ezik euskalgintzarentzat eta kulturgintzarentzat onuragarria eta aberasgarria den proiektu bat edukitzeaz. Gure aletxoa bertsolaritzan jartzen dugu, baina uste dut azkenean ekarpena denari egiten diogula.

- Zuen lanari esaten diote inurri lana, ezkutukoa, isila, ikusezina... Hain isil eta ikusezina, non baten batzuk uste dute gauzak bakarrik egiten direla.

- Bai, eta gaur egunean oraindik zailagoa da lan mota hori ikusaraztea. Badirudi Elkartea dela gauza sendo bat, laguntzarik behar ez duena, bere gisa funtzionatzen duena. Gainera, denok dugu joera pentsatzeko ez daukagula zer ekarri. Horrelakoetan Imanol Lazkano gure lehenbiziko lehendakariarekin gogoratzen naiz. Beti esan izan du Elkartea itsasoa bezala dela: zenbait murgildu nahi duzun, hainbat ur daukazu. Eta egia da, denok daukagu zertan lagundua, elkarte honi edo beste edozein erakunderi.

- Garai batean ez bezala, egitura profesional sendoa du gaur egun Elkarteak, izaera soziala batere galdu gabe. Nola lortzen duzue soldatapekoen eta borondatezko kideen lana orekatzea?

- Sortzen dira zailtasunak lan egiteko bi modu horiek bateragarriak egiteko, ez pentsa: batzuen eta besteen ordutegietara egokitu behar dira bilerak, sortzen den informazio ugariaren trukea kudeatzea ere ez da erraza, borondatez hurbiltzen garenoi urrutixeago gelditzen baitzaigu.... Baina bilatu behar dira bideak bi kolektibo horien lanak eta lan egiteko moduak uztartzeko, eta horretan ari gara. Azken batean, Bertsozale Elkartea ekosistema oso bat da, bere baitan kolektibo asko biltzen dituena, eta denok elkarrekin jardun behar dugu. Hor dago bertso eskolen mugimendua, agian bistakoena izan daitekeena; hezkuntza arautuan mugitzen den kolektibo ugari hori; sustapen lana, ikerkuntza... Mugarri asko jarri ditu Elkarteak, orain dela 33 urte pentsaezinak zirenak.

-Aurrerantzean zure mugarri nagusia txapela jartzeko momentu hori izango da. Atzera begiratuko bagenu, zein nabarmenduko zenuke?

- Iraganera begira jarrita, nik uste dut beharbada niretzat adierazgarriena, edo barrura gehien iritsi zaidana, izan dela elkartegintzan semeak ere jarraitu egiten duela, transmisioa ez dela bakarrik gertatu bertsozaletasunean, elkartegintzan ere eman dela. Beñat hor dabil lehendakaritzan, oso motibatuta, eta hori niretzat poz handi bat da.

- Txapela xeuk jarriko zenuela iragarri zenetik, mila bider egingo zizuten galdera, baina derrigorrezkoa da: aparteko poza izango litzateke Beñati bigarren txapela jartzea?

-Nik garbi daukat irabazten duenak irabazten duela, txapelak buru egokian bukatuko duela. Halaxe sinesten dut. Beste zazpi finalistak ere oso gertukoak ditut, eta niretzako ohore bat izango da haietako edozeini txapela jartzea.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Xabier Gaztelumendi (Bertsozalea): «Beste zazpi finalistak ere oso gertukoak ditut»