Txapelketa oso serioa biribiltzen duen final ederra eta txapela
Alaia Martinek urritik erakutsitako maila mantendu zuen Illunben, zortzi ariketatik bostetan nagusitu eta uneak eskatzen zuena kantatuz
Buruz burukoan lehiakide, ez arerio, izan zuen Beñat Gaztelumendik Illunbeko finala ixteko agurrean kantatuak laburtzen du Alaia Martinen 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan izandako jarduna: «Zorionak ta biba Alaia / berriz ere paregabe / aspaldidanik zinen txapeldun /ta gaur txapelaren jabe». Prentsaurrekoan oiartzuarrak aletu zuen debutetik –urriaren 19an Eibarko final-laurdenekoan– izandako ibilbidea, sentsazio onekin zela eta finaleko zortzikoa «elkarrizketarako oso talde ona» izanda, hori zuela helburua.
Halaxe izan zen lehen unetik, agurretik beretik erakutsi baitzuen Martinek kantatzera, esatera, igo zela oholtzara: «eta naiz ta mundu honek isildu gu / ahots kordez zerbait nahi dugu ehundu / eskuina lurrundu / legeak bigundu»; edota, azken hau errepikatuz osatu zuena «konjuruz konjuru / bihotz gibel buru / eta naiz ta mundu honek isildu gu / eskuina lurrundu / legeak bigundu / nahi dugun bezalaxe kantatuko dugu».
Lehen mezuan bezala jarraitu zuen jada ariketa puntuagarrietan: Eneritz Artetxerekin ordainketetan BEZa bai ala ez ika-mikan, jada lehen umore zantzuak erakutsiz; zortziko txikian Gaztelumendirekin entsegu-lokala elkarbanatzen duten antzerki taldeetako kide bezala; lehen puntua emanda etxeko lanak eta nahiago duela kalean ibili. Laugarren ariketan, hamarreko txikian, lortu zuen txalo zaparrada, Ane Labakarekin binaka, musikarien azalean jarrita, kartzelan zuzeneko eskaini aurretik kanta-zerrenda erakusteko eskarien harira: «Kanta dezagun Ane, elkarri begira / Gora herria eta 'sarri sarri sarri», itxi zuen oiartzuarrak. Ez zen atzean geratu ganbarakoan, kazetari izanda tortura jasandako militante baten bizipenak paperera eramaterakoan sentitutakoa oilo-ipurdiaz kantatzerakoan.
Saio guztietan garaile
Illunben txapelketako ibilbidea biribildu zuen eta saio guztiak irabazita itxi du. Final-laurdenekoan 531,5 punturekin nagusitu zen, faseko altuena; Zarauzko finalaurrekoan 544,5 punturekin, faseko hirugarren; eta finalean 1.099,5. Baina ez hori soilik, kantatutako zortzi ariketetatik bostetan nagusitu baitzen: zalantzak sortzen zituen librean, zortziko txikian, puntua emanda, ganbarakoan, eta buruz burukoan zortziko handian.
Garaipena, era berean, beste hiru ariketetan oso puntu gutxi 'galduta' eraiki zuen: hamarreko txikian Oihana Iguaran baino 1,5 puntu gutxiago; eta Beñat Gaztelumendirekin lehiatutako buruz burukoan librean 3,5 eta ganbaran 1,5.