Nadia Erostarbe eta Ariane Otxoa surflariak, 'Biba Zuek!' saioan
Horrez gain, aitaren eguna hizpide hartuta, aitak izango dira protagonista saioaren lehen orduan
Osteguna, 18 martxoa 2021, 09:24
Aitaren eguna aitzaki hartuta, osteguneko 'Biba Zuek!' saioa aitei eskainiko diete, 18:00etatik aurrera, ETB1en. Gonbidatuek egoera zailetan hezi dituzte seme-alabak eta aurrera nola atera diren kontatuko dute platoan. Vidal Salcedo medikua atal berriarekin dator. Udaberriko alergiei buruz hitz egingo du eta herritarren zalantzei erantzungo die.
Bigarren orduko gonbidatuak bi surflari izango dira: Nadia Erostarbe eta Ariane Otxoa. Erostarbe zarauztarra da eta Otxoa bilbotarra. Biak txiki-txikitatik hasi ziren surfean eta txapelketa ugari irabazi dituzte. Zarauztarra Europako txapelduna izan da eta munduko surflari onenen artean dago. Ariane, berriz, Europako txapeldunordea izan zen 2016an 18 urtez azpiko selekzioan eta brontzezko domina lortu zuen 2017ko munduko txapelketan, junior kategorian.
EITB Kultura
Aste honetako 'EITB Kultura' saioak, berriz, 'Estudiotik At. Bost urteko sorkuntza' izeneko erakusketa ezagutuko du Donostiako Tabakaleran. Azken bost urteotan bertan egonaldia egin duten artisten lana dago ikusgai.
Bestalde, Miguel Angel Llamas eta Amaia Merino 'Non dago Mikel?' dokumentalaren zuzendariek filmaren zati bat aurreratuko dute saioan. Horrez gain, Arima musika taldeko Paule Bilbaok bere liburu, disko eta pelikula kuttunen berri eman du Tolosako Bonberenean. Amaitzeko, Mikel Erkiaga margolari eta argazkilariaren estudiora sartuko dira. Saioa ostegun gauean izango da ikusgai ETB1en, ETB2n eta eitb.eus-en.