Markel Irizar txirrindulari ohia eta bertsolaritzaren historia, 'Itxi Liburuak' saioan
Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, ikasle talde bati azaldu beharko die aste honetarako aukeratu den gaia
Osteguna, 6 urtarrila 2022, 11:16
Ostegun honetan, bertsolaritzaren historia izango da 'Itxi Liburuak' saioaren ikasgai berria. Markel Irizar txirrindulari ohia irakasle lanetan jarriko dute, gaia modu ezberdin eta entretenigarri batean konta dezan. Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta, bertsolaritzaren garai ezberdinetan murgilduko dira. Noiz eta nola sortu zen bertsolaritza? Nola iraun du gaur egunera arte?
Lehenengo txapelketara ere bidaiatuko dute, eta bertso bereziak entzuteko aukera izango dute. Bertso eskolen sorrera ere ikertuko dute, baita bertsolaritzaren bilakaera eta emakume bertsolarien historia ere.
Protagonista berezien eskutik bertsolaritzaren historia barrena bidaia egingo dute. Tartean izango dira Joxerra Garzia, Xabier Paya, Juanito Dorronsoro, Jon Enbeita, Xebastian Lizaso, Andoni Egaña, Nerea Elustondo eta Maite Berriozabal.
Markel Irizarrek elkarrizketetan ikasitako guztia Cristobal Balenciaga Museora gerturatutako ikasleei azaldu beharko die, baina ez edonola. Komunikatzeko duen gaitasunaz eta esperientziaz baliatuko da ikasleen arreta bereganatzeko. Aurrerantzean ere astero, pertsona ezagun bat ikusiko dugu ikaslez betetako ikasgela batean historia klase bat ematen. Aldez aurretik, ordea, egokitu zaion historia gaiari buruzko azalpen eta ariketa praktikoak jasoko ditu, Gaizka Aranguren historia dibulgatzaileak lagunduta. 'Itxi Liburuak' ostegun honetan izango da ikusgai 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.