Jon Lopategi gogoan izango dute 'Hitzetik hortzera' saioaren denboraldiko azken atalean

Lopategiren ikasleak izandako zenbait lagunekin izango dira saioan, besteak beste/Bertsozale Elkartea
Lopategiren ikasleak izandako zenbait lagunekin izango dira saioan, besteak beste / Bertsozale Elkartea

Atal «berezia» izango du 'Hitzetik hortzera'-k hilaren 7koa; otsailean zendu zen bertsolari bizkaitarraren ingurukoa izango da, eta berarekin ikasitako gazteekin zein bertsolariaren zenbait lagunekin hitz egingo dute

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCODonostia

Igande honetakoa izango da 'Hitzetik hortzera' saioaren denboraldiko azken atala, eta urte hasieran zendu zen Jon Lopategiri eskainiko diote. «Astez aste mapa zabala osatu dugu, hainbat kolore, doinu, historia eta iritzi jasoz», azaldu dute saioaren arduradunek, eta gaineratu dute «denboraldi honek kendu ere egin digula: Jon Lopategi joan zaigu aurtengo urtearen hasieran». Horregatik, berari eskainiko diote saioaren azken atala.

Atal «berezia» izango du 'Hitzetik hortzera'-k hilaren 7koa; 2018-2019 denboraldia amaitu ez ezik, bertsolaritzari horrenbeste eman dion Jon Lopategiren inguruko saioa izango baita: Duela 85 urte Muxikako Aldori baserrian jaio zen Jon Lopategi Lauzirika. Oso gaztetatik gerturatu zen bertsogintzara eta euskalgintzara. Tolosako Sakramentinoetan ikasi zuen gazte garaian, eta han ere euskaldun abertzalez inguratu zen. Herriko Santa Kurtzeko jaietan egin zuen bertsotan lehen aldiz jendaurrean.

Frankismo garaian, Jon Lopategik, askotan Jon Azpillaga lagun zuela, txoko guztietara zabaldu zituen mezu politikoak. Bertsogintza sozial hura gogoan, igandeko programara ekarriko dute Azpillagari eta Lopategiri duela urte batzuk egindako elkarrizketa zati bat. Garaiko bertsoaldiak ikusteko aukera ere izango da, baita 70. hamarkadan Alemaniako telebista batek egindako grabazio bat ere: kantuan agertzen dira, besteak beste, Jon Lopategi eta Jon Enbeita.

Irakurri gehiago

Hain zuzen, Enbeitarekin berarekin eta Xabier Amurizarekin elkartuko dira Muxikan, Lopategirekin zuten harremanaren inguruan hitz egiteko. Enbeita Lopategirekin elkartzen zen Garriko bertso eskolan, eta orduko oroitzapenak kontatuko ditu; Amurizak eta Lopategik plaza askotan jardun izan zuten elkarrekin kantari. Nolako bertsolaria ote zen? Haien ahotik ez ezik, Lopategi bera ere bertsotan entzuteko aukera izango da.

Bertsolaritza irakasten eta gazteak zaletzen ere lan eskerga egindakoa da Lopategi. Bere jarduna ez zen eskolak ematera mugatzen; gazteak herri batetik bestera eramaten zituen kantura, eta asteburu pasak ere antolatu zituen beraientzat. Horietako zenbait, Kanpantxun, Gernika-Lumon. Igandeko programan bertara joango dira eta han bere ikasle izandako zenbaitekin elkartuko dira. Iratxe Ibarrak eta Onintza Enbeitak orduko oroitzapenak kontatuko dituzte. Gainera, bere ikasle izandakoek prestatu zioten omenaldi berezi bat ekarriko dute pantailara.

Igandean, 15:00etan, Hitzetik Hortzera ETB1en; eta zuzenean ikusi ezin duenak Internetez ere izango du aukera, EITB Nahieranen.

Temas

Euskera