Hitanoa eta bertsolaritza eskutik helduta, 'Hitzetik Hortzera' saioan
Beste eduki batzuen artean, bertsotara ere hedatu den Oñatiko 'Ingo Xonau' ekimena izango dute hizpide
Larunbata, 8 urtarrila 2022, 11:50
Azken urteetan hitanoaren erabilera bultzatzen ari dira hainbat herritan, tartean bertso saioak antolatuz. Besteak beste, Ingo Xonau ekimena abiatu zuten iaz Oñatin, bertako hitanoa biziberritzeko asmoz.
Aste honetako 'Hitzetik Hortzera' programan, proiektu horren bultzatzaileetako birekin elkartuko dira proiektuaz gehiago jakiteko. Mirari Sagarzazu eta Idoia Etxeberria dira Oñatiko Ingo Xonau ekimenaren bultzatzailetako bi, eta haiekin izan da «Hitzetik Hortzera».
Oñatiko hitanoa berreskuratzeko proiektua da Ingo Xonau, emakumeen hika bereziki. Herri ekimenetik sortu zen noka galtzen ari zela ikusita, eta Udalaren babesarekin eta Badihardugu elkartearen gidaritzarekin, eta herriko hainbat eragile ari dira parte hartzen. 2019an noka jasotzeko elkarrizketak egin ziren, eta Ahotsak-en daude entzungai.
Antolatu dituzten ekintza ugarien artean dago HIKA bertso saioa. Nola moldatzen ote dira bertsolariak? Baina Oñatin bakarrik ez; beste hainbat herritan ere ari dira bultzatzen hitanoaren erabilera. Arrasaten ere noka bertso saioa antolatu zuten iazko urte amaieran, eta saio hartako bertsoaldi berezienak ere izango dira ikusgai eta entzungai.
Markina-Xemeinen urteroko zita den kontzesiotako saioko bertsoaldien hautaketa ere bilduko du saioak. Bertsoaldi Kuttunaren atalean, berriz, Aissa Intxausti bertsolari lekeitiarrak 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalera eramango ditu ikusleak bueltan. 'Hitzetik Hortzera' larunbatean, 21:00etan eta igandean 15:00etan, ETB1ean eta eitb.eus.en.