Borrar

EITBk Larrialdi klimatikoaren kontra ekitera deitu du euskal gizartea

Glasgoweko goi bileraren harira (COP26), komunikazio kanpaina berezia eta ekimen ezberdinak egingo ditu bere hedabide guztietan, azaroaren 1etik 12ra bitartean egingo den biltzarraren berri emateaz gain

Osteguna, 21 urria 2021, 13:58

Comenta

EITBk bat egingo du larrialdi klimatikoaren gaiarekin udazken honetan, azaroaren 1etik 12ra egingo den Glasgoweko goi bileraren karietara. Hala, komunikazio kanpaina berezi bat egingo du #EKIN_klima lelopean, hainbat ekimen sustatuz.

Klima-aldaketaren erronkari aurre egiteko kontzientziazio kanpaina eta ekimen sorta hau izango da Ikus-Entzunezko Taldeak guztioi eragiten digun kausa sozial horri egingo dion ekarpena.

Hain zuzen ere, EITBk martxan jarritako #EKIN_ ekimenaren lehen kausa da larrialdi klimatikoa. Hala, euskal gizarteak dituen kezkei arreta berezia jarriko die Euskal Irrati Telebistak datozen hilabeteotan eta horretarako #EKIN_(+ kausaren izena) kontzeptua erdigunean duen egitasmoa jarri du martxan. Horren bidez, gure gizartean ekiteko beharra azpimarratu nahi du, gure gizartea eraldatu eta hobetzeko.

Asteburu honetatik aurrera, eta Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, kanpaina handia abiatuko du EITBk, Glasgoweko goi bileraren harira: kalean zein bizikletan ekimenak, dokumentalak eta film laburrak, saio berrien estreinaldiak, programa bereziak, eta bideo mapping-a ere Bilboko egoitzaren fatxadan, dena #EKIN_klima leloa eta etiketa erabilita.

Izan ere, EITBk jarraipen zabala egingo dio Glasgoweko goi bilerari telebista eta irratiko albistegi eta saioetan, baita Interneten ere. Bidali bereziak izango ditu biltzarrean eta Hodei Arrausi kazetariak Glasgowera bidaia egingo du bizikletaz 0 isurketa leloa izango duen ekimenaren baitan. Urriaren 30an EITBren egoitzatik abiatuko da eta azaroaren 10ean helduko da Glasgowera. Egun horretan bertan, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak bertan jarriko du begirada, eta azaroaren 12ko Euskadi Irratiko 'Faktoria' albistegia ere estudiotik kanpo egingo dute. 'Gaur Egun', 'Teleberri' eta 'Eguraldia' kalera irtengo dira, eta Urdaibaitik egingo dira azaroaren 10ean.

Biltzarra hasi aurretik ere aldaketa klimatikoari erreparatuko diete EITBko hedabide guztiek. Honela bada, ETB2k 'El Cambio« saio berria estreinatuko du Angels Barcelók aurkeztuta. Larrialdi klimatikoaren ondorioak leuntzeko neurriak hartu ezean, Euskadin biziko ditugun aldaketak aztertuko ditu.

Horrez gainera, aldaketa klimatikoaren ondorioen inguruan gizartea ohartarazteko zenbait dokumental izango dira ikusgai ETB1en, ETB2n eta ETB3n. Berebat, urriaren 24tik aurrera, informazio tarte laburrak eskainiko dira Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian kausari aurre egiteko jarraibide eta ekintzekin.

Bestalde, urriaren 22an 'Eguraldia' saioa kalera irtengo da herritarrek aldaketa klimatikoak euren bizitzan izan dezakeen eraginaz dituzten kezkak lehen eskutik jasotzeko.

Datozen asteotan ETBko programazioak bat egingo du larrialdi klimatikoarekin, eta herritarrak gaiaz ohartarazteko dokumentalak eta saioak eskainiko ditu. Klima-aldaketaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat eginez, urriaren 24an hasiko da programazio berezia, eta bertoko lanak, nazioarteko dokumentalak eta haur eta gazteei dokumental saila ere eskainiko dira.

Hala, igandean ETB1ek emango dituen dokumentalen artean dago Garazi Sánchez surflari profesionalak zuzendutako 'Lotsa', gure bizimoduak ingurumenean eta, ondorioz, ozeanoen egungo egoeran duen eraginari buruz kontzientzia handiagoa hartzeko deia egiteko asmoa duen lana.

'Egia deseroso bat' (An Inconvenient Truth) ikusteko aukera ere izango da (ETB1 eta ETB2). Al Gore Estatu Batuetako presidenteorde ohiaren kanpaina jorratzen du, herritarrak berotze globalari buruz hezteko. Aste hauetan zehar haren jarraipena den 'Ondorio deseroso bat: egia boterer'a (An Inconvenient Sequel: Truth to Power) dokumentala ere eskainiko da Euskal Telebistan, arazo global honen aurka borrokatzeko eraikitako aurrerapena eta munduko liderrak energia berriztagarrian inberti dezaten konbentzitzeko Gorek egindako ahaleginak jorratzen ditu ikus-entzunezkoa.

Igandeko proposamenen artean daude, baita ere, 'Itsaso basatitik' (ETB2), gizakiaren eta naturaren arteko talka konplexura hurbiltzen gaituen ikus-entzunezkoa, eta 'Planetaren defendatzaileak', gazteei zuzendutako sei ataleko lana ETB3n, ingurumenaren aldeko borrokalari handien dozena erdi istorio eskaintzen dizkiguna. Urriaren 24an atal guztiak eskainiko dira, eta hortik aurrera egunero atalez atal ikusteko aukera izango da.

Azaroaren 12ra arte honako lan hauek ere izango dira ikusgai: 'Bihar' (Demain), bost kontinenteetan barrena ideia berrien eta gauzak egiteko moduak aldatzen ari diren pertsona berritzaileen bila bidaia egiten duen lana; BBCk ekoiztutako 'Plastikotan itotzen' (Drowning in Plastic) lan saritua, plastikoak naturan dituen ondorioak iraultzeko borrokan, munduko biologo eta itsas aktibista nagusien azken ikerketak erakusten dizkiguna; eta 'Arriskuan dauden hiriak' dokumental sortako hainbat atal, tartean New York, Amsterdam eta Veneziari buruzkoak.

Urriaren 24tik aurrera, Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Radio Vitoriak informazio tarte laburrak eskainiko dituzte, aldaketa klimatikoari aurre egiteko jarraibide eta ekintzen inguruan. Herritar anonimoek eta jende ezagunak euren egunerokoan egiten dute ekarpena zein den azalduko dute.

Urriaren 27an, berriz, 'El Cambio' programa estreinatuko da ETB2n Angels Barceló kazetariaren eskutik. Larrialdi klimatikoaren ondorioak leuntzeko neurriak hartu ezean, Euskadin biziko ditugun aldaketak aztertuko dituzte bertan.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco EITBk Larrialdi klimatikoaren kontra ekitera deitu du euskal gizartea

EITBk Larrialdi klimatikoaren kontra ekitera deitu du euskal gizartea