Toki nabarmena izango dute aurten aspalditxo joan zirenek
Xabier Lete, Imanol eta Mikel Laboaren inguruko lanak aurkeztuko dira, eta Jose Luis Zumeta eta Iñaki Segurola ere izango dituzte gogoan
N. AZURMENDI
Asteazkena, 7 abendua 2022, 06:38
Orain urte batzuk utzi zion Durangoko Azokak 1992az geroztik euskarari eta euskal kulturari egindako ekarpena aintzatesten zuen Argizaiola saria emateari, antolatzaileei egokiagoa iruditu zitzaielako etorkizunera begiratzea, eta egindakoa saritu beharrean egiteke dagoena sustatzea, Sormen bekaren bitartez.
Hortaz, Durango Azokan ez dago omenaldi ofizialik baina, hala ere, iragana urtero egoten da oso presente, eta era bateko edo bestelako omenaldiak ere bai. Aurten, agian, beste edizio batzuetan baino presenteago, munta handiko lanak osatu baitira azken hilabeteetan Xabier Lete, Imanol Lartzabal eta Mikel Laboaren inguruan.
Bizirik zirela, denek eduki zuten tokia Durangon. Hil berri-berritan bereganatu zuen apartekoa Letek, 2010eko abenduaren 4an joan ostean omenaldi hunkigarria jaso baitzuen 5ean, Landakogunean bertan zein kanpoaldean ehunka ahotsek 'Xalbadorren heriotzean' kantatu zutenean. Leteren inguruko lan erraldoia dator aurten: bost argitaletxek –Alberdania, Elkar, Erein, Pamiela eta Txalapartak– eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu duten 'Xabier Lete, poema eta abesti guztiak' bilduma. Leteren lan denak, argitaratuak zein argitaratu gabeak, zabal eta sakon aztertu dituzten Lourdes Otaegi eta Alex Gurrutxagaren lanari esker, Lete bere osotasunean du irakurleak eskura, kutxa eder batean jaso diren hiru liburukitan. Aurreko urteetakoak izan arren, egongo dira Durangon Leteren inguruko beste lan batzuk, hala nola Gurrutxagaren beraren 'Xabier Lete: aberriaren poeta kantaria' (Alberdania) saiakera.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan du, halaber, Elkarrek argitaratu duen 'Kantatzen du kantuz' disko-liburuak, Imanol Larzabalen lanen antologiak. 2004an hil zen kantari donostiarrak bizirik jarraituz gero azaroaren 11an 75 urte beteko zituela eta, haren lan artistiko erraldoiaren eta bizipen politiko eta pertsonal latzen inguruko interesa berpiztu egin da, eta horren emaitzetako bat da Elkarreko Anjel Valdes aspalditxo prestatzen hasia zen lana argitaratu izana. Hark hautatuak dira lana osatzen duten kantak, Imanolen ibilbide luze, oparo eta anitzaren isla. Abeslariak askotan bidaide izan zuen Karlos Jimenezen eta Elixabete Garmendia kazetariaren testuek osatzen dute disko-liburua.
Jada joanak diren azken hamarkadetako euskal abeslari handienen hirukoa ez legoke osorik Mikel Laboarik gabe. Xabier Lete bezala, haren zenbait poema kanta magiko bilakatu zituen Laboa ere abenduan hil zen, 2008an. Omenaldi eder eta originala jaso du: gehigarri honen beste atal batean aipatuko den 'Ni ez naiz Mikel Laboa' ezbiografia, Harkaitz Canok, Unai Iturriagak eta Joseba Larratxek ondua. Adi, halaber, Elkarrek bi bertsiotan (2 CD edo 2 binilo) argitaratu duen 'Ikimilikiliklik'-i.
Miresmenetik sortua da, era berean, Mikel Telleria kantautore gipuzkoarrak 2020ko udaberrian hil zen Jose Luis Zumetari eskainitako 'Zumeta' diskoa. Miresmenetik ez ezik oroiminetik ere asko izango du abenduaren 10ean Durangoko museoan egingo den 'Iñaki Segurola etorriko ez litzatekeen ekitaldia (bera gogoan egingo duguna)' omenaldiak. Joan den apirilean zendu zen idazle azpeitiarren azken lana, 'Ganorexia', argitaratu duen Alberdaniak antolatu du idazlearen ibilbide literarioa eta bizitza gogoratzeko ekitaldia. Eta askok izango dute gogoan, jakina, azaroan hil zen Leopoldo Zugaza, Gerediaga elkarteko eta Durangoko Azokako sortzaileetakoa.