Borrar
Euskal Herrian eta Amerikar kontinentean aurkitutako suharri zaharrenak

Siberiatik? Europatik?

Gurean lau Atlantiar kongresu izan ditugu. Irailean beste bat egingo da, Kanadan, besteak beste Soluzio Solutrenseaz hitz egiteko

Félix Ibargutxi

Donostia

Igandea, 24 ekaina 2018, 11:42

Comenta

Atlantiar hitza, gurean, 2012an egin zen ezaguna. Orduantxe egin zen, Irungo Ficoban, izen hori zekarren lehen kongresua. Besteak beste, helburua zen Euskal Herriaren eta Ipar Amerikako lehen biztanleen arteko harremanak ikertzea, historiaurrera joz. Jauzarrea izeneko elkartea zen kongresuaren antolatzailea, eta bertako buru, berriz, Xabi Otero argazkilari famatua.

Lehen kongresu hartan, hauek izan ziren batzorde zientifikoa osatu zutenak, Oteroz gain: Stephen Oppenheimer (Oxfordeko Unibertsitatekoa, genetista), Jose Antonio Mujika (EHUkoa, arkeologoa) eta Dennis Stanford (EAEBetako Smithsonian Institutukoa, arkeologoa). Jakin-min handia eragin zuen bilkura hark. Gero, beste hiru kongresu egin ziren, Irunen beti, eta ekitaldi horien ostean hitzaldiak etorri ziren, guztira 24. Gainera, Oronan ere egin izan dira bilkura batzuk.

Orain albistea da irailean beste kongresu bat egingo dela, baina 'beste aldean': Kanadako Eskozia Berriko Cape Breton Unibertsitatean, alegia.

Besteak beste, Soluzio Solutrense delakoa aztertu izan dute Atlantiarreko jardunaldietan. Bertatik pasa diren zientzialari batzuk bat datoz teoria honekin. Laburbilduz: tesi horren arabera, gizakia orain dela 20.000 bat urte iritsi zen Amerikako kontinentera, kontinentearen iparraldera. Baina ez Siberia aldetik, urteetan uste izan den bezala, baizik eta Europatik eta, zehatzago esanda, Bizkaiko Golkotik eta Akitaniatik. Kontuan izan behar da orduan izotzek beren mende hartua zutela bi kontinenteon arteko itsas tarte zabal horren parte handiena eta, beraz, nabigazioa errazago zela.

Izotzak Bordeleraino iristen ziren. Teoria honen arabera, gizakientzat ez zen zaila izango hartu ontzia eta, beti izotzaren ondo-ondotik nabigatuz- urrutiko paraje haietara iristea. Balentria askoz handiagoa izango zen dezente geroago -duela bostehun urte- marinel euskaldunek egin zutena Ternuako lurretaraino iritsita, orduan ez baitzegoen izotzaren babesa. Pentsatzekoa da orain 20.000 urteko gizaki haiek gauero ontzitik irten eta izotzaren gainean hartuko zutela atseden.

Nortzuk ditugu soluzio Solutrensearen defendatzaile entzutetsuenak? Batetik, lehen ere aipatutako Stephen Oppenheimer genetista, Oxfordeko Unibertsitatekoa, eta Kanadako ipar-ekialdeko algonkin etnia ikertutakoa. Horrez gain, Bruce Bradley arkeologoa, Ingalaterrako Exeterreko Unibertsitatekoa; eta Dennis Stanford arkeologoa, Washington hiriburuko Smithsonian Institution delakoan ari dena.

Soluzio Solutrensearekin bat egiten duten zientzialariek, oro har, onartzen dute Siberia aldetik ere pasako zirela gizaki-taldeak amerikar kontinentera, baina geroago. Siberian topatu diren giza arrastorik zaharrenak orain dela 14.000 urtekoak omen dira.

Soluzio Solutrensea teoria bat da. Ez da ebidentzia, ez da egitatea. Amerikar kontinenteko lehen «euskal harreman» segurua XVI. mendean gertatu zen. Jakinekoa da duela bostehun urte Euskal Herriko marinelak behin eta berriz joan zirela amerikar kontinentearen ipar-ekialdera, Ternuara-eta, balea harrapatzera. Horren froga garbia, San Juan baleontziaren aurkikuntza. 1978an topatu zuten ontzia Parcs Canada erakunde publikoko arkeologoek, Red Bay izeneko herrixkako uretan, hamar metroko sakoneran.

Dena dela, badugu beste objektu bat, aizkora bat, «euskal itxurakoa», XV. mende hasierakoa, Ontario laku ondoan aurkitua, huron izeneko etniaren herrixka batean. Aurkikuntzaren tokia ez dago Ternua ondoan, baizik eta handik 1.500 kilometrora. Zer esan nahi du aizkora horrek, gainera Ipar Amerikako burdinazko objekturik zaharrena den horrek? Euskaldun batzuek egin zutela? Euskaldun batzuek erakutsitako teknikarekin egin zutela bertako etniakoek? Batek daki.

Lehengora bueltatuz: irailean beste Atlantiar kongresu bat egingo dute, bosgarrena, lehenbiziko aldiz amerikar kontinentean, Kanadanko Cape Breton Unibertsitatean, izenburu honen pean: Atlantiar Knekk Tepaw.

Jauzarrea elkartea, poliki-poliki, urratsak egiten ari da unibertsitate-sare zabal bat osatzeko. «Laster hitzarmena sinatu behar dugu Ingalaterrako Huddersfield Unibertitatearekin, hasi nahi baitute Ipar Amerikako lehen nazioen inguruan ikerketa genetikoak egiten, gero konparatzeko Europako markatzaileekin», adierazi dit Xabi Oterok. «Etxepare Institutuarekin ere hasi ginen harremanetan Miren Arzallus buru zegoen garaian, eta orain nahi genuke hitzarmena sinatu».

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Siberiatik? Europatik?

Siberiatik? Europatik?