Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Xabier Lete 2008an, Koldo Mitxelenan 'Egunsentiaren esku izoztuak' liburua aurkeztu zuen egunean. MICHELENA
Sartu-irten bat Leteren intimitatean

Sartu-irten bat Leteren intimitatean

Letek eskuz idazten zuen beti, bai olerkiak bai artikuluak, eta letra oso garbiz, bai baitzekien gero beste batzuek irakurri beharko zituztela. KMn gordetzen da haren artxiboa, besteak beste lehen-lehenengo olerkiak, gaztelaniazkoak

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Martes, 29 de enero 2019, 08:25

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Orain dela bi urte eta erdi, Gipuzkoako Foru Aldundiak Xabier Leteren (1944-2010) artxiboa jaso zuen. Katalogazioa bukatua dago eta material horiek -guztiz intimoak izan ezik- edonoren esku daude, Koldo Mitxelena Kulturuneko fondo gordeen gelan. Duela gutxi sartu-irten bat egin dugu bertan, katalogazioaren arduradun izan den Sorne Matxiñenak lagunduta.

Material berrienez aurrera hasiko gara. Hantxe dago Letek osatu zuen azken poesia-koadernoa, liburu moduan izenburu honekin ikusi zuena argia: 'Egunsentiaren esku izoztuak' (2008).

Gizon honek eskuz idazten zuen normalean; bai poesiak, bai artikuluak. Letra garbia ibiltzen zuen, bai baitzekien gero beste batzuek -argitaletxekoek- arretaz irakurri beharko zituztela testu horiek.

Hemeretzi urte zituela egindako olerkietan nesken maitasun egarriz ageri da

Aipatutako azken koaderno horren hasieran, goiko aldean, hau irakur daiteke: 'Urrian erietxean idatziak 2005'. Eta, olerkiak baino lehenago, gogoeta hau: «Azken bolada honetan literatur eskas asko irakurtzen ari naiz. Eta, ia beti kritika onak eta aipamen laudoriotsuak jasotako nobelak edo ipuin-liburuak dira. Beraz, pentsatzekoa da kritikarien artean biguntasun harrigarri bat dagoela, edo, bestela, konplizitateak daudela sortuak , edo konpromisoak, idazle, argitaletxe eta kritikarien artean». Eta aurreraxeago: «Liburu txar bat, edo erdipurdiko bat, estafa intelektuaren (sic) paradigma iruditzen zait. Nik horrelakoak zakarrontzira botatzen ditut».

Koaderno horretako azken ida-tzia 2009ko apirilaren 16koa da -handik hogei hilabetera hil zen-. Olerki horren hasiera:

Trumilka datoz denborak

denbora oihukari isilak

infitoaren (sic) azken mugetatik

multzoan egunak, orduak, urteak

trumilka datoz denborak

gelditasun erabatekoaren orainetik

Xabier Letek bazekien gauzak gordetzen. Eta esan liteke jakitun zela nolabaiteko artxibo pertsonal bat osatzen ari zela. Adibidez, artxiboan liburuxka bat dago, 'Lehen denporetako poesiak (1963-1964) (euskeraz eta gazteleraz)'. Eta, azpian beste hitz batzuk, askoz geroagokoak: «Lehenengo poesiak gazteleraz idatzi nituen, adinez 19 urte nituela. Gero euskeraz hasi nintzen».

Lehen olerkiak dakartzan koaderno horretan maitasun gose handi bat agertzen du oiartzuarrak. Olerki honetan badirudi neska konkretu bati zuzentzen zaiola:

Cuán cerca estás / y cuán lejos... / Te veo frente a mí, / y hay en tus labios / una sonrisa / que miente / pues parece que me sonríes, / pero mirándote / de cerca / me doy cuenta / que tan perdida / tu mirada, / que no sonríes / sino al viento / o a la imagen / que tienes / de ti misma.

Eta beste poema honetan ere maitasun egarriz ageri da:

Donde ya no hay / poesía / ni flores / ni sonrisas de una muchacha / allí vivo yo, / y como no puedo / soportar / el vivir allí / cualquier día me mataré.

Kritika baten ondorioak

Gorde zituen aldizkariak ere. 'Muga'-ren bi ale ikusi ditugu, 1980koak, biak ala biak Leteren artikulua dakartenak. Batak 'Chipre. Entre el miedo y la esperanza' du izenburu, eta bidaia baten ostean idatzitakoa dirudi. Bestean, Letek Anjel Lertxundiren 'Aise eman zenidan eskua' liburuari egindako kritika irakur daiteke. Bere garaian zer esana eman zuen idatzi horrek. Izan ere, handik hilabete gutxira, Mikel Hernandez Abaituak gogor egin zuen Argia aldizkarian Leteren artikuluaren kontra, izenburu honen pean: 'Xabier Letek aise ematen dio jaboi A. Lertxundiri'. Hernandez Abaituaren iritziz, Lertxundiren liburu horrek ez zuen inola ere merezi Leteren kritika laudoriozko hori, eta elgoibartarrak epai benetan ausarta kaleratu zuen. Hona pasarte bat: «Leteren kritika liburuaren oso apologia goratzailea da, hizkera pretenzioso eta horterismoan erortzen den batekin egina gainera».

Kritika horri erantsita, Letek liburu eta bestelako irakurgai gomendagarri batzuen zerrenda eskaini zuen 1980ko 'Muga' horretan: 'Nere paradisuetan' (Amaia Lasa), 'Ekaitza' (Feredico Krutwig), 'Ilargiaren eskolan' (Juan Mari Lekuona), 'Abuztuaren 15eko bazkalondoa' (Joxe Austin Arrieta), 'Iraganaz' (Gotzon Aleman), 'Pott Tropikala' eta bertsolaritzari buruzko 'Jakin' aldizkaria. Bestalde, Letek bazituen kartel dezente gordeta, kantaldietako kartelak, alegia; eta batez ere bere lehen garaikoak, 60 eta 70eko hamarkadetakoak.

Badaude eskuz egindako kartelak ere -1970. urte ingurukoak diruditenak- adibidez Donostiako Industria Ingeniarien Eskolako Ikasle Elkarteak egindako pare bat. Horietako batean, Lete eta Joxean Artze 'Harzabal'-en saioak iragartzen dira, eskolako Paraninfoan. Letek hizketa egingo du, «poesiari buruzko agerpena» egingo duelarik, eta Ar-tzek 'Isturitzetik Tolosan barru' liburuko poemak irakurriko. Eta, letra handitan, bi hitz: Gaur - Hoy. Egun bakar baterako egindako kartela zen, alegia.

Ingeniari Eskola horretako EKTk antolatutako ekitaldiaren iragarkia ere gorde zuen Letek. Orduko hartan ere Artze eta Letek jardun zuten. Euskal Kultur Taldeak (EKT) sortu ziren 1960. hamarkada bukaera aldera, goi-eskolei lotuak, eta helburua zutenak gazteen artean euskal kultura sustatzea. Hain zuzen ere, hasiera hartan Donostiako EKT eta Deustuko EKM (Euskal Kultur Mintegia) izan ziren aktiboenak.

Karteletan badaude gauza benetan bitxiak. Zestoako San Juan jaietako kartel batek dioenez, «berbena bikaiña» egongo da: Los Zorongos musika-taldea eta, tarteetan, Xabier Lete eta Lurdes Iriondoren kantaldiak.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios