Saio esperimentala eta bakarrizketa Lautan Hiru antzerki jaialdiaren bosgarren edizioko protagonista
Euskarazko antzerkia sustatzea helburu duen ekimena otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an egingo da
J. AGIRRE
Asteartea, 24 urtarrila 2023, 17:55
Saio esperimentala eta Patxo Telleriak eskainiko duen bakarrizketa izango dira otsailaren 2an, 9an, 16an eta 23an izango den Lautan Hiru antzerki jaialdiaren bosgarren edizioko protagonista. Antzerkigintza ardatz hartuta, hainbat emankizun eskainiko dira, aipatutako biez gain Ganbila bildumaren aurkezpena, besteak beste.
Lau ostegunez jarraian euskarazko antzerkia sustatzea helburu duen topaketak gune berriak eskainiko dizkie sortzaileei. Hala, betiko lau eszenatokiei AEKren Kalderapeko kulturgunea gehitu zaie edizio honetan. Hortaz, bost lekutan programatuko dira lanak: Kalderapeko, BIRA, Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta Euskaltzaindiaren egoitza. Antzezlan guztiak euskaraz emango dira.
Astearte honetako agerpenean, Andres Urrutia euskaltzainburuak azpimarratu nahi izan du pandemia ostean Lautan Hiru ekimena «bizirik mantentzearen» garrantzia eta berau elkarlanari esker izan dela. «Lantaldeak gogotsu hartu du bosgarrena antolatzeko erronka, eta ekitaldi gutxiago antolatzeko erabakia hartu da, kalitatearen mesedetan», azaldu du. Ekimenen artean sei antzerki-lan programatu dira, irakurraldi bat eta solasaldi performatiboa. Azken honetan Jokin Oregik, Aizpea Goenagak eta Eneritz Artetxek parte hartuko dute, Matxalen de Pedroren gidaritzapean.
Koldo Narbaiza Bilboko Euskara eta Hezkuntzako zinegotziak ere lankidetzaren garrantzia nabarmendu du bere berbaldian, horrek, berez, «euskararen aldeko erakunde eta ekimenen sare publiko-pribatua handitzea baitakar». «Guztion ahalegina behar da gure hizkuntzaren erabilera normalizatzeko -esan du Narbaizak-, eguneroko eremu guztietan. Aisian ere bai. Dibertitu ere euskaraz dibertitu gaitezen, euskarazko kultura-produktuak kontsumitu... Horrela eginez gero, lagunduko dugu Bilbo gero eta euskaldunagoa izan dadin».
Lautan Hiru antzerki-jaialdiaren bosgarren edizioa Bilboko Udalak, Euskaltzaindiak, Cafe Bar Bilbaok eta BIRA Kulturguneak elkarlanean antolatu dute.