Patxi Zubizarretak jasoko du Xabier Lete Beka bere hurrengo eleberria idazteko
Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sustatutako beka euskarazko literatura-sorkuntza bultzatzera bideratuta dago 70.000 euroko laguntzarekin
Patxi Zubizarreta Dorronsoro idazleak (Ordizia, 1964) aurkeztutako proiektua hautatu du euskarazko literatura sorkuntzarako Xabier Lete Bekaren adituen batzordeak eta hortaz, egileak 70.000 euroko dirulaguntza jasoko du bere hurrengo liburua idazteko. Eusko Jaurlaritzak eta BBVA Fundazioak sustatzen duten beka honen xedea da ibilbide sendoa duten egileei beharrezko baldintzak eskaintzea, urtebetez osorik proiektuan jardun dezaten.
'Txoriei begira zegoen gizonari begira zegoen emakumea' izenburua du Zubizarretak aurkeztutako proiektuak. Itsasontziko kapitain baten istorioa kontatzen du: honek, itsasaldi bati ekin beharrean, lurreko aterpe batean ezkutatzea erabaki du, emaztearen intimitatean nabigatzeko, hirugarren pertsona batekin partekatzen duten etxean kamerak jarri ondoren; pertsona hori kapitainak berak erreskatatu eta babestu zuen anakoreta bat da. Narrazioak, beraz, kapitainaren ikuspuntua jarraitzen du, istorioaren benetako 'voyeur' gisa azaleratzen dena.
Ebaluazio-batzordeak nabarmendu duenez, Zubizarretak aurkeztutako proposamenak, «idazkera dotorea eta aberatsa du, indar handiko prosa, eta erreferentzia mitiko eta literarioek tartekatzen dute». Bereziki baloratu da egileak norberaren eguneroko bizitzaren mundu sekretuan barneratzeko duen modua; vita minimaren alde egin du, anonimatuan geratu ohi diren gertaerak lehen planora ekarrita eta pertsonaien introspekzioa arakatuta. Hautaketa-batzordearen aktak nabarmentzen duenez, eleberriak «bidaien imajinarioa eta lorategietako sinbologia uztartzen ditu, eta testuarteko sare aberatsa proposatu»; besteak beste, Herman Melville, Nathaniel Hawthorne, Emily Dickinson eta Henry Thoreau idazleak biltzen ditu.
Zubizarretak azaldu duenez, Lawrenceren 'Lady Chatterleyren maitalea' eta Hitchcocken 'Atzealdeko leihoa' bezalako erreferentzia literarioetatik edaten du liburuak, eta lan honen testuarteko ehunaren parte dira: «Istorio honetarako asko inspiratu ninduen Nathaniel Hawthorneren 'Wakefield' ipuinak. Egun batean desagertu eta bere etxebizitza zaharraren ondoko kalean bizitzen jarri den gizon baten istorioa da; 20 urte igaro dira haren berririk izan gabe. Fernando Fernán Gómezen 'El anacoreta' filmak ere eragin zidan, etxeko komunetik ez ateratzea erabakitzen duen gizon bati buruzkoa. Lan honen bidez literatura klasikoko eta zinemako lan askoren errepasoa egiten da».
Hainbat sari jaso ditu Patxi Zubizarretak bere ibilbidean, bestea beste Haur eta Gazte Literaturako Sari Nazionala 2023an 'Zerria' lanagatik. Bere literatur lanak oroimenarekiko eta euskal tradizioarekiko interesa uztartzen ditu, eta migrazioa eta arabiar mundua bezalako gaiak jorratu ditu. Haren lanen artean daude 'Urrezko giltza', 'Julien Vinsonen hegaldia', 'Hiru gutun Iruñetik', 'Usoa' eta 'Korri, Kuru, korri!'. Besteak beste, Exupéryren 'Printze txikia', Naguib Mahfuzen 'Mirarien kalezuloa' eta Abdellah Taïaren zenbait eleberri euskaratu ditu, eta bere hainbat lan ere beste hizkuntzetara itzuliak izan dira.
Xabier Lete beka
Xabier Lete Beka 2024an jarri zen abian, globalizazio-testuinguruan euskarazko literatur talentua bultzatzeko asmoz. Ibilbide sendoa duten egileentzat da, dedikazio osoa behar duen literatura-proiektu handi bati ekiteko prest daudenentzat. Zenbateko ekonomiko horren bidez, dedikazio esklusibo hori hamabi hilabetez ahalbidetzen da.
Iaz, lehenengo edizioan, Eider Rodríguez Martín idazleak eskuratu zuen, 'Istripu baten kronologia' proposamenarekin. Beren lehenengo eleberria izango da, ETAren amaieraren osteko Euskadiren testuinguruan trauma, identitatea eta egia bezalako gaiak jorratuko ditueena.