Borrar
Las 10 noticias clave de la jornada
Patxi Salaberri Muñoa, lehengo asteazkenean Gasteizko Oihaneder etxean egindako liburu aurkezpenean. BLANCA CASTILLO
«Betidanik irudikatu dut Axular pulpituan, idatzi zuen hura ahoz esaten»

«Betidanik irudikatu dut Axular pulpituan, idatzi zuen hura ahoz esaten»

Unibertsitateko lagunek omenaldi ederra egin diote Patxi Salaberri Muñoari: Axularri buruz idatzitako artikulu guztiak liburu batean bildu dizkiote

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Sábado, 7 de julio 2018

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Patxi Salaberri Muñoa (Aramaio, 1956) EHUko Euskal Filologiako Fakultateko irakasle izan da, batik bat euskal literatura klasikoa irakatsi duelarik. Urteak eta urteak eman ditu Pedro Agerre 'Axular' (Urdazubi, 1556 - Sara 1644) handiaren bizitza eta lanak aztertzen, hainbat artikulu publikatu duelarik. Orain, EHUko lagun batzuek, omenaldi gisa -eta omenduak ezer ez zekiela-, artikulu horiek denak bildu dituzte liburu batean. Asteazkenean aurkeztu zen emaitza: 'Axular eta 'Gero', Patxi Salaberriren pasio'. EHUk berak eman du argitara.

-Noiz hasi zen Axularrekiko zure harremana?

- Horrelako gauzak poliki-poliki izaten dira. Nik gai batzuk banituen prestatuak doktore-tesia burutzeko. Haietako batekin hasi nintzen, baina arazo txiki bat tarteko, bertan behera utzi nuen. Halaxe, erabaki nuen gure klasikorik handiena hobeto ezagutzea. Ezagutzen nuen lehen ere.

«Etxean 'Gero' liburua edukitzea salbokonduktoa izan zitekeen. 'Ni ez naiz sorginen taldekoa' esateko balio zuen»

«Susmoa dut Axular ez zela 1556an jaio, baizik eta 1570. urte aldera. Ez zen hain zaharra 'Gero' ateratzean»

«Frantziako erregeak honela esaten dio Axularri gutun batean: 'notre chère ami'»

- Aspaldi hasiko zinen Axularri buruzko tesia egiten.

- Bai, ia-ia hogeita hamar urte. Zer gertatu zen gure klasikoekin? Sakon aztertu beharrekoak dira, baina gutxi aztertuak zeuden. Axular, niretzat misterio bat zen, eta animatu nintzen ikertzera. Banekien hiru lagun hasiak zirela: Haritschelhar, Juan Mari Lekuona eta Villasante. Uste dut Haritschelhar ere hasi zela tesia Axularren gainean egiten, baina azkenean Pierre Topet 'Etxahun'-en inguruan egin zuen.

- Zehatz, zertaz egin zenuen doktore-tesia?

- Axularren baliabide erretorikoez. Gramatika ez zitzaidan hainbeste interesatzen.

- Pentsatzekoa da, 'Gero' liburuan horrelako baliabide erretorikoak erabili bazituen, pulpituan ere erretorika ederreko apaiza izango zela.

- Horretaz asko pentsatu dut. Hori izan da nire betiko amesgaiztoa, edo amets ona! Betidanik irudikatu dut Axular pulpituan, idatzi zuen hura ahoz esaten, bere intonazioarekin, bere ahots inflexioekin. Tamalez, ez daukagu garai hartako bideorik.

- Baina ikustekoa izango litzateke.

- Bai horixe! Nire hipotesia da Axularrek belarriz idazten zuela; hau da, esaldia nola entzuten zen, hori kontuan hartzen zuela. Haren esaldiak oso ondo kalibratuta daude belarriaren ikuspuntutik. Ematen du lehenbizi belarriaren bahetik pasatzen zuela idatzitako hori. Ez da jakiten, gero beharbada trakets xamarra zen pulpituan, baina fama ona zeukan eta nik uste dut ongi predikatuko zuela.

- Axular, historiara super-gizonaren moduan pasatu da. Herri gogoak gorde zuen Axularren irudia ia mitikoa da: kristau jakituriaren eredu da, Salamancan eta deabruaren eskolan ikasi ondoren deabrua garaitu zuen apaiza da.

- Badakizu, jakituriaren paradigma moduan gelditu da. Leiendak ere sortu ziren, deabruarekin ikasi zuela, gai zela natura menperatzeko, ekaitzak-eta... Denboran zehar Axularren fama eta itzala haziz eta haziz joan zen.

- Deigarria da nolako lagun indartsuak izan zituen.

- Ez zen nafar arrunt bat. Bertrand Etxauzen laguna zen, eta badakigu Etxauz zenbait tokitako gotzaina izan zela, eta Frantziako erregearen eskuin-eskua, aholkularia. Frantziako erregeak honela esaten dio Axularri gutun batean: «notre chère ami». Eta badakizu misterioak handiagotu egiten dituela gauzak.

- Irakurri dizut artikulu batean Axular gehiago aztertu izan dela hizkuntza aldetik -idazkera aldetik-, erlijio eta ideologia aldetik baino. Alde horretatik Axular elizgizon guztiz ortodoxoa izan zen, ezta?

- Bai. Bete-betean kontrarreformista izan zen, Trentoko gizona. Eta ez bakarrik teologia aldetik, baita eguneroko praktikari dagokionez ere. Zugarramurdin-eta gertatu ziren garbiketa ideologiko haien aurrean ez dakit nik noraino izango zen tolerantea gure Axular... Edozein modutan, 'Gero' liburuan bera ez da kontu teologikoetan sartzen, hura aszetikako liburua baitzen; jendea onbideratzeko eta bekatutik aldentzeko esku-liburua.

- 'Gero' liburuaren lehen edizioko zenbat ale daude munduan?

- Buruz ari naiz: dozena batera ez dira iristen. Denak ez dira berdinak. Bat, oso polita, berezitasun batzuk dituena, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean dago. Liburua Bordeleko Guillaume Milangesen irarkolan argitaratu zen lehen aldiz 1643an eta, askotan gertatu legez, edizio hartan suertatu ziren hainbat akats eskuz idatzitako zuzenketekin konpontzen saiatu ziren argitara-tzaileak. Badaude ale batzuk, bereziak direnak, hain zuzen, eskuzko zuzenketa horiengatik. Eta nik uste dut zenbait aletan Axularren beraren zuzenketak daudela. Badakizu liburua argitaratu eta hurrengo urtean hil zela, 1643an. Baina nik zalantza dut jaiotza urteaz.

- Hara!

- Bai, nik susmoa dut Axular ez zela hain zaharra liburua atera zuenean. Laurogeitaka urterekin nekez egin dezakezu Axularrek egin zuena: liburua idatzi, argitaratu, edizioa kontrolatu, gero zuzenketak egin... Nik uste dut bera ez zela 1556an jaio, baizik eta dezente geroago, 1570. urte aldera. Hogeita bost bat urterekin egingo zen apaiz. Hala ere, bera, lehenbizi, fraide izan zen, norbertarra, premonstratensea. Urdazubiko monasterioa fraide horiena zen, hain zuzen. Baina ordena hori desegin egin zuten, batez ere Frantziako erregeen obedientziakoa zelako.

- Zer jendek erosiko ote zuen 'Gero'?

- Liburuak oso garestiak ziren. Hor ez dago zalantzarik. Baina garestia izan arren, seguru asko jendea prest zegoen esfortzua egiteko. Nobleziako jendeak, seguru zeukala. Zenbat ale? Esteve Materrak, 1617an, 'Doctrina Christiana' liburua atera zuen, egin dute ikerketa eta kalkulatu 500-600 ale izango zirela. 'Gero'-k ere izango zuen horrelako tirada, batez ere kontuan hartuta Axular pertsonaia handia zela lurralde hartan. Salbokonduktoa ere izan zitekeen garai hartan, balio zuen esateko: «ni ez naiz sorginen taldekoa».

- Ezingo dugu elkarrizketa utzi Axularren prosa zatiren bat hona ekarri gabe...

- Udako Euskal Unibertsitateak 'GERO euskara xumean' liburua plazaratu zuen iaz, hau da, 'Gero' gaur egungo grafian, eta ikusgarria da Axularrek nolako hitzak zuzentzen dizkion Bertand Etxauzi:

Ene jaun Bertrand Etxauz, Toursko Artzapezpiku, Frantziako Lehenbiziko Erremusinari, Ordenako aitonen seme eta Erregeren Kontseilari famatuari.

Zeruko Loria

Neure jaun maitea:

Joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik eta ez bihotzetik. Bidean nentorren. Ez didazu itxaron. Ordea, eneak dira faltak, enea da hobena. Gerotik gerora ibili naiz, eta hala dabilenari gertatu ohi zaiona gertatu zait niri ere.

Baina, guztiarekin ere, neure obligazio handiek, ontasun errezibituek eta betiere enekiko obrekin batean erakutsi duzun borondate borondatetsuak ez didate uzten, ondotik bederen zutaz oroitzapen egin gabe, liburutto hau kanpora ateratzeko ausartzia hartzen.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios