Patxi Ezkiaga hil da, kontenplazio eta mistikatik poesia egiten zuen gizona

Patxi Ezkiaga, iaz/Nuñez
Patxi Ezkiaga, iaz / Nuñez

«Hori da niretzat mistika: errealitatetik ateratzea, eta errealitate hori iradokizun bihurtzea», adierazi zion iaz 'Hegats' aldizkariari

Félix Ibargutxi
FÉLIX IBARGUTXI

Patxi Ezkiaga euskal poeta hil zen atzo, 74 urte zituela. La Salleko anaia zen eta hileta elizkizuna astelehenean izango da, 18:00etan, Irungo La Salle-enean, han eman baitzituen azken urteak, irakasle lanetik erretiratu ostean.

Legorretan jaioa zen eta hango seme kuttuna izendatu zuen Udalak, orain elizkizunera azaltzeko autobusa antolatu duelarik. Atzo gorazarrezko oharra plazaratu zuen alkatetzak, Ezkiagaren olerki hau erantsita: «Sinetsi nahi dut oroitzapenak libratzen / gaituela erabateko negutik, / eta heriotzan ere izango dugula / nolabaiteko musika».

Iazko martxoan omenaldi handia egin zion Legorretako herriak. 'Urrutiko lur hauek' olerki liburuaren inguruan gauzatu zen gorazarrea. Liburua herriari oparitu zion Ezkiagak, eta Udalak argitaratzea erabaki zuen. Omenaldian bere anaia Felixianok eta ilobek lagundu zuten, eta hainbat lagun ere ez ziren falta izan, besteak beste Joan Mari Irigoien idazlea. Liburu hori herriko etxe guztietara banatu zen.

Irigoien eta Ezkiaga lagun handiak izan dira. Adibidez, Altzako idazleak Ezkiagari lagundu zion 2002ko 'Uso bat gehiago' liburua apailatzen. Prosa poetiko laburrak zekartzan argitalpen horrek eta Joan Mari Irigoienek ale hau nabarmendu eta irakurri zuen aurkezpen ekitaldian: «Egiazko lagunak odolak jokatzen duen modura jokatu behar du: inork deitu gabe, lasterrean etortzen da zaurira».

Isilaldi nahiko luze baten ostean, 2012an 'Oteiza. Profetaren 14 hitz' (Bermingham) poema liburuarekin itzuli zen Ezkiaga. Poemen jatorrizko bertsioaz gain, haien gaztelaniazko itzulpenak ere eskaintzen zituen: 'Oteiza. 14 palabra proféticas'.

'Berria' egunkariko Juan Luis Zabala kazetariari aitortu zionez, poema horiek meditazio- eta mistika-une batzuen ondorio izan ziren. Urte batzuk lehenago, Ezkiagak jakin omen zuen Pirinioetan, Gallinero mendiaren hegal batean, ermitau bat bizi zela. Gizon hura Magreb aldera joana zenez, ermita libre gelditua zen, poetak baimena eskatu eta hantxe eman zituen bi aste. «Han egon nintzen, bakardaderik handienean, horrelako egoera batean barru-barrutik zer sentitzen nuen aztertzeko. Esperientzia ikaragarria izan zen hura niretzat. Guztiz identifikatu nintzen bizimodu horrekin, eta azkenean pena handiz utzi nuen lekua, gutxitan bezala negarrez», esan zion Zabalari.

Iaz adierazpenak egin zizkion Pello Otxotekori, 'Hegats' aldizkarirako. Hau esan zion: «Hori da niretzat mistika: errealitatetik ateratzea, eta errealitate hori iradokizun bihurtzea».

Oxford eta Cambridge

Ezkiaga Oxford eta Cambridgeko unibertsitateetan jardun zuen literatura ikasten, Basingstoke hiriko Dogmersfield izeneko barnetegian.

Donostiako Loiola auzoko La Salle ikastetxeko irakasle izan zen hainbat urtez. Glotodidaktika edo hizkuntzaren didaktikari buruzko ikerketa anitz egin ditu, hala nola, euskara ikasteko metodologiaren analisia, irakaskuntzaren erreforma edo 'Txanpa' izeneko metodologiaren proposamena.

Poesiari dagokionez, hamabost bat liburu eman zituen argitara, eta horietako bederatzi 'Haize hurbila - Viento cercano' izeneko bilduma elebidunean jaso zituen Euskal Herriko Unibertsitateak 1994an.

Jon Kortazarrek adierazi zuenez, Ezkiagaren iturriak, nagusiki, bi ziren: euskal poesia (Orixe, Lizardi, Gandiaga, Lekuona...) eta ingelesa (John Milton, William Blake, T.S. Eliot, Seamus Heane...).

Ogibidez Donostiako Loiolako La Salle ikastetxeko irakasle izan zen. Oso zen mendizalea, eta Pirinioetan urtero egiten zituen egonaldiak ikasle eta adiskideekin.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos