Nestor Basterretxearen eskultura zaharberritzen hasi dira Gasteizen
2011n instalatu zuten Prado eta Becerro de Bengoa kaleen artean eta lanok 3.980,90 euroko aurrekontua izango dute
DV
Asteazkena, 21 otsaila 2024, 16:23
Nestor Basterretxearen 'Eusko Europazaleak' eskultura zaharberritzeko lanak hasi dituzte asteazken honetan Gasteizen, eta gutxi gorabehera hamar egun iraungo dute. Zaharberritze integrala izango da eta lanok 3.980,90 euroko aurrekontua izango dute.
«Nestor Basterretxea euskal artisten artean itzal handienetakoa eta polifazetikoenetako bat izan zen. Euskal artea berritzen lagundu zuen eta garrantzi handiko ondare artistikoa utzi du Euskadin. Ondare horretako elementuetako bat da 'Eusko Europazaleak' eskultura. Gaur hasi dira lan hori zaharberritzen eta lanak artista jaio zeneko mendeurrenarekin batera egingo dira», azaldu du Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Sonia Diaz de Corcuerak.
'Eusko Europazaleak' eskulturak Eurobask kontseiluaren sorreraren 60. urteurrena omentzen du eta Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak 80.000 euro ordaindu zuten, erdibana. Eskultura 2011n instalatu zuten Prado eta Becerro de Bengoa kaleen artean, Gasteizko Udalak, Eurobaskek eta eskultoreak berak adostutako hitzarmenari esker. Europazaleek Europaren eraikuntza lana abiatzean izandako rol esanguratsua aitortzea da eskulturaren xedea.
Ezaugarri teknikoei dagokienez, brontzezko eta corten altzairuzko xaflekin eginda dago, eta 4,5 metroko altuera, 2,5 metroko zabalera eta 75 zentimetroko sakonera ditu.