Nøgen taldeak Atlantikaldirako egindako abestia kaleratu du
Irailaren 19tik 22ra ospatuko da aurten Atlantikaldia jaialdia, Errenterian
Aurten, lehen aldiz, Atlantikaldia kultur topagune eta musika jaialdia kantu propio eta guzti dator: Nøgen talde Donostiarrak jaialdirako espresuki egindako 'Marean' kantua kaleratu du, Beñat Gaztelumendi bertsolariaren hitzekin. Usurbilgo Haritz Harreguyren estudioan grabatutako abestia irailaren 19tik 22ra Errenterian ospatuko den Atlantikaldia jaialdiaren ereserkia izan nahi du. Beste edizioetako irudiak erabiliz bideoklipa ere egin dute.
Kartela
Jaialdiko kartela sortzeko iazko bideari jarraiki, Errenteriako Savanna estudioko Arrate Rodriguez eta Carlos Ndungmandum eta Daniel Delgado 'Pistachie' ilustratzaile mexikarraren arteko elkarlanaren emaitza da aurtengo irudia eta kartela: Ozeano Atlantikoaz bestaldeko Marea Bizien erritua islatu nahi izan dute bertan, mexikar magia oinarri hartuta; izan ere, herrialde horretan, Guadalajaran hain zuzen, egin dute lana. Hala, 2019ko Atlantikaldiaren atmosfera sortuko duten bi jainkosa mexikar irudikatu dituzte konjuru bat egiten.