

Secciones
Servicios
Destacamos
Raymond Carverren poema abiapuntu izan du Jexuxmai Lopetegik «beste hainbat gaitan sartzeko» 'Ez da hain sinplea' diskoan (Zart). Inoiz baino gehiago koordinatzaile lana egitekoa egokitu zaio, ez baita makala 22 musikari elkartzea proiektu batera. Tartean aurrez ere bidaide izan dituen Harkaitz Cano edo Antton Olariagaz, baina baita Zarauzko musikari mordoa ere. Hala, «hainbat lagun eta jenderekin» zuen zorra kitatu eta emaitzarekin oso pozik azaldu da.
– Ia 50 urte taulan arituta, izenburua balantze modukoa da?
– Raymond Carverren 'Sinplea' poemaren amaieran dago 'Ez da hain sinplea' eta hortik hartuta dago, baina nola joko handia ematen duen denerako balio digu esaldiak beste hainbat gaitan sartzeko. Izan ere ez da hain sinplea disko bat egitea edo bizitza honetan ibiltzea estresagatik. Harkaitz Canori komentatu nion eta esan zidan izenburu bezala oso egokia zela, ez dago azpian bestelako mezurik.
– Diskoa egiteko artista mordoa batu dituzu, hori ere ez zen sinplea izango.
– Ez, egia da. Hogeita bi musikari ibili gera eta ez da batere sinplea izan, ziurrenik ez dut berriro horrelakorik egingo gehiegi izan delako. Hainbat lagun eta jenderekin halako zor txiki antzeko bat neukan, beti egiten genuelako gure Noizbehinka taldeko diskoa gonbidatu batzuekin. Hala, batari abesti bat eskaintzen joan naiz, ondoren besteari bestea eta horrela iritsi naiz Oñatiraino Iker Martinezekin kolaboratzera.
– (...).
– Zarauzko musika eskolako irakaslea izan naiz bederatzi urtez pasa den iraila arte eta Iosu Isasti, bertako zuzendaria, bere anaia tronboia jotzen duena, berea semea Beñat ere... Haizearen hirukotea behar nuena bertatik hartu nuen. Ander Zulaika bateria-jotzailea ikasturte honetan sartu da irakasle modura eta hura ere baliatu dut. Antton Sarasuarekin beti zerbait egitekotan nenbilen eta hark duen 'Serious Business' blues taldean dago Maria Armendariz.
– Buruhausteez gain, emaitzarekin pozik?
– Bai, diskoarekin oso gustura nago. Beti egiten dut lan Unai Moraza soinu teknikariarekin eta soinu eta konponketa aldetik oso ondo moldatzen gera, zeri eman garrantzia eta zeri ez, zer jarri eta zer kendu.
– Ez da bidaide izan dituzun bakarrak. 2016an 'Itzal zaunka' lanerako egin bezala, orain ere Harkaitz Cano izan duzu zurekin.
– 'Itzal zaunka' lanaren ostean ez genuen sekula eten eta ordutik irteten joan diren bere poema batzuk musikatuak nituen. Beste batzuk zuzenean berarekin egin ditut. Emailez egiten dugu lan beti, nik maketatxoa bidaltzen diot, Harkaitzek ipuina osatzen du eta gero bion artean borobiltzen dugu. Guztira hamabi kantuetatik bederatzi bereak dira. Eta biokin Antton Olariaga izan da, bideokliperako eta azalerako irudiak berak egin ditu eta liburuxka ere Anttonek atondu du. 'Itzal zaunka'-ko ekipoak ondo funtzionatzen du, lagun handiak egin gara.
– Bederatzietako bat Raymond Carverren itzulpena da, eta beste hiru letretako bi Joseba Sarrionandia eta Anjel Lertxundirenak. Ez dira nolanahiko hiru artista.
– Sarri niretzat beti izan da altxor bat, izango ditut jada hamabost bat kanta eginak berarekin. Lehenagoko poemak, azken hogei urteetan gutxiago egin dituelako, edo ipuinak ere musikatu ditut eta diskoetan sartu. Orain aukeratu dudan hau, 'Pertsonarena' 1994koa edo da. Kanta egin nuen, aurreko diskoetan ez zen sartu eta honetan bai. Anjel Lertxundik ez du idazten poemarik, baina Irati Jimenezek eta Mikel Sotok duten Deabruaren Eskola webgunean topatu nuen. Surrealista modukoa da. Astero-astero Zarautzen elkartzen garenez kanta lotu genuen. Gainera Anjelek beti izan du serio fama, gauzak oso zehatz eta mehatz esateko eta kanta hau desmadre bat da, ganberro xamarra.
– 'Ez da hain sinplea' ixten duen abestia, Pauso luzera, zurea da.
– Bai. Otsailean, duela urtebete, hil zen nire anaia minbizi azkar batekin. Abenduan esan zigun eta ni orduan ari nintzen abesti hau amaitzen eta berari eskaini nion. Pianoz lagundua dago.
– Diskoa anitza da: rock-a, umorea, intimismo akustikoa ere. Bilatua ala topatua izan da?
– Horrela ateratzen joan dira kantak, estilo ezberdinak daude. Lehen pop-rockeko kanta gehiago egoten ziren, orain bestelakoak sartzen dira. Batzuek jazz kutsua dute Satxa Soriazu eta bere lagunen eraginagatik. Beti egon da nirekin taldean eta harekin jotzen duten Kike Artza eta Julen Izarrak lagundu didate. Kike Artza eta Julen Izarra. Musikari handiak dira eta beraiek onartzen badizute kanta bat ezer gutxi egin behar duzu, estruktura eta armonia eman nien eta beraiek atonduko dute beraien erara. Nik sekula santa egitea posible izango ez nukeena da emaitza, haiek musikan jantziagoak dira.
– Aurkezpena etxean izan zen, zein asmo duzu orain?
– Zarautzen dagoen Garoa liburu-denda oso txoko polita da, aspaldian Paperezko kontzertuak egiten ziren eta begiz jota neukan aurkezpena egiteko. Aurrera begira ekainaren 2an Modelo Aretoan kontzertua joko dugu eta parte hartu duten guztiak izango dira bertan. Bakarra izango da, gero hutsune bat egin nahi dut zuzenekoetan eta ostean ikusiko da. Gehiago ari naiz begiratzen formatu txikira jotzeko kantak, horretan erosoago mugitzen naiz. Gero eta gehiago kosta egiten zait zuzenekoak egitea.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Siete años de un Renzo Piano enredado
El Diario Montañés
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.